Aste Santuan irekita izango da Turismo Bulegoa bisitariei informazioa emateko
2023/04/05
Azpeitia hamaika arrazoirengatik da erakargarria bisitarientzat. Eskaintza asko eta askotarikoak ditu herriak. Aste Santuko egunetan bisitariei Azpeitia bizi eta ezagutzen laguntzeko turismo bulegoa irekita izango da. Ostegunetik astelehenera bitartean, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara izango da irekita.
Loiola, Izarraitz, Parrokia, Ekoetxea, Sanagustin, Azoka Plaza, Madalenako erietxea, Izarraizko atea parkea, Xaguxatarren ibilbidea, Xoxote eta bertako ibilbideak, Basazabal eta beste hainbat naturgune eta ondare historiko dira erakargarri bisitari eta turistentzat. Herri bizia da Azpeitia, bizitzeko modukoa. Euskaraz da Azpeitia; euskaraz bizi da. Oinezkotutako plazan bertan daude bisitariek ezagutu beharreko hainbat puntu: Sanagustin, kulturgune bilakatutako eliza; udaletxea eta eraberritutako azoka plaza; bertako produktuen plaza. Bada zer ikusia, zer sentitua eta zer bizia.
Tren museoa, ekoetxea eta Igarako errota
Azpeitiko Trenaren Museoa eta Ingurumen Museoa zabalik izango dira Aste Santuan ere. Ingurumen Museoa irekita izango da egunero, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 18:30era (igandean goizez bakarrik izango da irekita). Museoak, Igarako Errota ere bisitatzeko aukera jarriko du Aste Santuan, ostegunetik igandera bitartean, 12:00etan (bisitak irauten duen bitartean, museoa itxita izango da). Museorako zein errotarako sarrera doakoa da. Hala ere, Igarako Errota ikusi nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute.
Museotik abiatuta, Xaguxatarren ibilbidea egin edo xaguxatarren parkean jolasteko aukera ere badago. Igarako errota, berriz, Loiolako santutegitik metro gutxira, Sistiagako bidegurutzean, dagoen XVIII. mendeko errota da, eta bisitariek nola funtzionatzen duten ezagutzeko aukera izango dute.
Tren Museoari dagokionez, lurrun trenaren denboraldia Aste Santuan abiatuko da. Burdinbidearen Euskal Museoak Europako trenbide bildumarik hoberenetariko bat dauka, mota guztietako ibilgailuekin: lurrun, diesel eta elektrikoak diren lokomotorak, automotoreak eta bagoi mota desberdinak. Horrez gain, Euskadiko makina-erreminta multzo osoenetakoa eskaintzen du, Urolako Trenbidearen tailer mekanikoa izandakoaren bitartez. Instalazio hau 1925ean inauguratu zen bezala dago, txirrika, uhal eta lokaztu sistema konplexu baten bidez 16 makina funtzionarazten dituen antzinako motor elektriko batekin.
Autokarabanentzako gunea, Goenan
Autokarabanan etortzen diren bisitarientzako gunea dago egokituta Goenako naturgunean. Zerbitzugune honek autokarabanak aparkatzeko espazioak dauka eta ur-hartuneak ere bai (urak botatzeko eta hartzeko). Doako zerbitzua da, eta erabiltzaileek gunea erabili ondoren, egoera higieniko onenean utzi beharko dute. Gehienez ere 72 ordu jarraian egon ahal izango dute bertan karabanek.