Itzulpen automatikoa / Machine translation

Azoka berezia eta produktu berrien dastaketa izango dira, larunbatean, Azoka Plazaren urteurrenean

2020/02/05
Azoka berezia eta produktu berrien dastaketa izango dira, larunbatean, Azoka Plazaren urteurrenean

Aste honetan bi urte bete dira Azoka Plaza berritua eta osatua inauguratu zenetik. Urteurren horren baitan, larunbaterako, otsailaren 8rako, azoka berezia antolatu dute Azoka Plazako sustatzaileek. Egun horretan, inguruko ekoizleen azoka berezia izango da goiz osoan zehar, eta 11:00etatik aurrera, bi urte horietan azoka plazaren proiektuaren baitan ekoizleek sortutako produktu berrien aurkezpenak eta dastaketak izango dira.


Bi urte dira azoka plaza lehengora itzuli eta bertako produktuen plaza bilakatu zela. Bi urte horietan, sasoiko eta bertako barazki eta bestelako produktuak eskuratu nahi dituztenek badakite Azoka Plaza dutela horretarako. Bertako produktuen erreferente bilakatu da. Hala, bertan, inguruko baserritarrek modu jasangarrian ekoiztutako sasoiko eta kalitatezko elikagaien plaza bilakatu da.

Proiektuaren talde bultzatzaileak (Azpeitiko Udala, Urkome landa garapen elkartea, Elikaguneko Artxara kooperatiba eta Euskal Herriko Unibertsitateko ekonomia eta enpresa fakultatea) aurreko urtean, pauso bat aurrera egin eta filosofia hori herriko jangeletara zabaltzen hasteko proiektua aurkeztu zuen. Hala, Azoka Plazan aurki daitezkeen produktu horiek herriko jangeletara iristeko proiektua egin eta abian da. Helburua jangela kolektiboetan ere bertako produktuekin egindako menuak osatzea da.

Aurkezpen eta dastaketak
Azoka plazaren proiektuaren baitan saretutako ekoizleek hainbat produktu berri sortu eta merkaturatu dituzte bi urte hautetan. Larunbatean produktu horiek ezagutarazteko eta nola egiten diren azaltzeko aurkezpenak egingo dituzte ekoizleek eta dastaketarako aukera ere izango dute bertaratzen direnek. Hala, gurina, zabaltzeko gazta, zukuak, ardi jogurta, mermelada eta eztia nola egiten dituzten ezagutzeko aukera izango da, besteak beste.