Azoka Plaza atzeko aparkalekua doan, baina 40 minutuko mugarekin
2025/06/04
Azoka Plaza atzeko eremua hobeto ordenatu nahian, eta ibilgailuen txandakatzea bultzatu nahian, udalak aldaketak egingo ditu aparkalekuan. Azken urteotan ordainpekoa izan bada ere, aurrerantzean doakoa izango da. Gehienez ere 40 minutuan utzi ahal izango da autoa aparkatuta, eta ezinbestekoa izango da tiketa ateratzea. Aldaketari esker, besteak beste, Alde Zaharreko saltokietarako joan-etorriak erraztu egingo direla uste du udalak.
Astelehenetik larunbatera, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:30era egongo da mugatuta aparkalekua. Igande eta jaiegunetan, berriz, ez da denbora mugarik egongo. Makinetan dagoeneko zehaztuta daude baldintza berriak. Udaltzainek zainduko dute autoek ez dutela baimendutako denbora muga gainditzen eta baimendutako guneetan soilik daudela aparkatuta.
