Azoka Plazaren 5. urteurrena ospatuko da larunbatean, 12:00etan egingo den ekitaldi irekian
2023/01/31
Otsailaren 3an, ostiralean, bost urte beteko dira Azoka Plaza eraberritua inauguratu zenetik. 1.826 egun hauetan eraldaketa nabaria izan da azoka plazan eta azokan. Berritzeak bultzada eman dio azokari; eta horrenbestez, baita lehen sektoreari ere. Oraindik asko badago ere egiteko, bost urteko ibilbidea ospatzeko ekitaldi irekia egingo da larunbatean, 12:00etan, Azoka Plazan bertan; ondoren luntxa egiteko tartea ere izango da. Bertako ekoizpena eta ekoizleak erdigunean jarri eta elkarrekin egindakoa gogoratzeko eguna izango da.
Bertakoa eta garaikoa. Duela bost urtetatik bertako eta garaiko produktuen azoka bilakatu da Azpeitiko Azoka Plaza. Gainbeheran zen azoka herriko eragile desberdinen artean elkarlanean birpentsatu, eraikina goitik behera eraberritu eta proiektua oinarrietara ekarri zen: bertako produktuen salmentara, baserritar eta ekoizleen saretzera; gertutasunera; konfiantzara. Hori guztia bidelagun den Elikagunea ireki eta martxan hastearekin batera.
Ordundik, azoka plaza ireki zen 2018ko otsailaren 3 hartatik, 5 urte pasatu dira. Eta bost urte hauetako ibilbidean asko dago ospatzeko. Oraindik ere asko badago egiteko ere, Azoka Plazaren eta Elikagunearen aldeko apustua sendoa da herrian. Hasierako ziurgabetasun haiei babesarekin erantzun die azpeitiarrek eta hori ospatzea da helburua.
Hasiera guztiak izan ohi dira zailak, baina herritarrek lehen egunetik egin dute bertakoaren eta garaikoaren alde, eta pixkanaka gero eta azpeitiar gehiagoren hautua da bertako produktuak kontsumitzea. Hala, hautu horrek zuzeneko eragina du herriko eta eskualdeko lehen sektorean eta ekonomian. Produkzioa handitzea edo lehen sektorearen dibertsifikazioa bezalako onurak ekar ditzakelako.
Ekitaldi irekia larunbatean
Bost urte hauetan jarritako oinarri sendoaren gainean asko dago egiteko eta hobetzeko, hala ere, ospatzeko ere badagoelakoan larunbatean 12:00etan hasita ekitaldi irekia egingo da eta azoka plazako ekoizle eta erabiltzaileez gain, herritar oro gonbidatuta dago. Bertan, lehenik bost urteen errepasoa egingo da, besteak beste, bideo baten bidez. Ondoren, luntxa ere izango da elkarrekin urteurrena ospatzeko.
