Azpeitia eta Urrestilla arteko bidegorriaren Landetako lotunearen lehiaketa publikoa abian da
2020/06/11
Azpeitia eta Urrestilla arteko bidegorria erabat bukatzeko falta den Landetako lotunea egiteko obren lehiaketa publikoa abian jarri berri du Udalak. Lotunearen inguruko proiektua inguruko bizilagun, enpresa eta ostalarien iritziak kontuan hartuz osatu da: “Gune konplikatua da, trafiko askoko gunea izateaz gain, bizilagunak, enpresak zein taberna eta jatetxeak biltzen direlako gune oso txikian eta denen iritziak kontuan izan ditugu azken proiektua egiteko”, adierazi du Aitor Bereziartua hirigintza zinegotziak. Proiektua osatzeko ibilbidea hilabeteetako lan eta bilera askorekin osatu da, eta orain, epe motzean gauzatuko da.
Bidegorriaren lotura egitearekin batera, trafikoaren ordenazioa hobetzeko hainbat aldaketa eta neurri ere hartuko dira. Bidegorriaren lotunea GI-2635 errepidearen ondotik egingo da, kiroldegiraino. Han herriko bidegorri sarearekin bat egingo du. Bidegorriarekin batera, hainbat aldaketa egingo dira gune horretan. Hala, GI-2635 errepideak noranzko bakarra izango du Landeta hiribideko kruzetik aurrera Landetako kaskoan; Azpeititik Urrestillarakoa. Horretaz gain, autobus geltokiak ere egokitu egingo dira. “Bidegorriarekin batera, beste hainbat hobekuntza egingo ditugu Landetan. Autobus geltokiak egokitzeaz gain, arriskutsua den bidegurutze horri ere irtenbidea eman nahi izan diogu, eta noranzko bakarrekoa izango da obrak egin ostean”, gaineratu du.
Obrek 227.810€ko hasierako aurrekontua dute, eta proposamenak aurkezteko epea uztailaren 6ra arte izango da zabalik. Obrak lizitatu ostean, hiru hilabeteko epea izango dute obra gauzatzeko.
