Itzulpen automatikoa / Machine translation

'Azpeitia trantsizio energetikorako bidean' mozioa onartu du udalak

2023/03/08
'Azpeitia trantsizio energetikorako bidean' mozioa onartu du udalak

Atzoko plenoan trantsizio energetikoaren inguruan bi mozio izan ziren aztergai. Sañu Bizirik taldeak aurkezturikoa eta Udal Gobernuak aurkezturiko kontramozioa. Udal Gobernuak aurkezturikoa onartu zen EH Bilduren aldeko eta EAJren kontrako botoekin. Sañu Biziriken mozioan aurkako botoa eman zuen EAJk eta EH Bildu abstenitu egin zen. 


ONARTUTAKO MOZIOA

Azpeitian, energia kontsumo maila oso handia daukagun bitartean, energiaren sorkuntza zero edo ezerazeren parekoa da. Azpeitiarrok arazo bat daukagu energiarekin. Arlo ekonomiko edota sozialetik begiratuta, enpresa energetiko handiekiko daukagun menpekotasuna larria bezain agerikoa da; izan ere, haiek dira azpeitiarron energia hornitzaile eta haiek erabakitako prezioan ordaintzen ditugu ezinbestean erregaiak edota elektrizitatea. Eta horrek, besteak beste, pobrezia energetikoa bezalako arazo sozialak sortzen ditu. Ingurumen arloari lotzen bagatzaizkio, azpeitiarrok kontsumitzen dugun energiaren sorkuntza ia osoa erregai fosiletan oinarritzen da, eta, ondorioz, sekulako ingurumen kaltea eragiten ari gara; CO2 isurien ondorioz lurraren berotzea eta biodibertsitate galera nabarmena.


Baina energiarena ez da Azpeitira mugatzen den arazoa. Azpeitiarrok bezalatsu bizi dute gainerako Euskal Herritarrek ere energiaren afera. Hemen kontsumitzen dugun energia munduko beste leku batzuetatik dator, merkatuen menpe dago eta horren ondorio da etengabe ari dela garestitzen energiaren prezioa eta ondorio horiek guztiak herritarrek jasango dituzte, beste behin.


Lur planetaren berotzea eta klima larrialdia mundu mailako arazo nagusienetako bat bilakatu da. Baina, klima larrialdia ez da kasualtitate baten ondorio, arazoaren jatorria gehiegizko kontsumoan oinarrituriko ekonomia eredua eta erregai fosiletan oinarrituriko energia sistema dira, besteak beste. Horregatik, beharrezkoa da, kontsumo energetikoa jaitsi eta energiaren deskarbonizazioarekin batera, energia berriztagarriak eta garbiak erabiltzeko urrats irmoa egiteko politikak sustatzea.  Erregai fosilak finitoak izanik, energia fosil, ugari eta merkeen aroa amaitzera doa eta trantsizio energetikoa ezinbestean egin egingo da. Jokoan dagoena da zein modutara egingo den; herri interesei eta erronka ekologikoari erantzunez edota energia enpresa handien nahi ekonomikoetara makurtuz.


Bide horretan, beharrezkoa da herri, eskualde nahiz nazio mailako eskalan ekitea. Baina, ezinbestean, egoera honetara ekarri gaituzten politiketan erabateko aldaketa eman beharra dago. Izan ere, azken hamarkadetako politika energetikoak, enpresa energetiko ezberdinen mesedetan egin da; Iberdrola, Petronor bezalako enpresei eman zaien erabateko boterea edo eta ate birakarien baitan eman diren egoera onartezinak dira horren erakusle nagusiak. Gainera, 2019ko Jasangarritasun Energetikoko legean Eusko Jaurlaritza 2 urtetan Energia berrizatagarrien Plan Sektoriala berritzera konprometitu bazen ere, gobernuak ez du jasotako mandatua bete. 2002koa da indarrean dagoen PTSa, erabat zaharkitua dago. Hori gutxi balitz, hamar urte baino gehiago dira Eusko Legebiltzarrak aho batez eskatu zuela indarrean dagoen Eoliken Lurralde Plan Sektoriala berritzea. Eta, beraz, presazkoa da Jaurlaritzak energiaren arloan dituen ardurak bere gain hartzea; Energia Berriztagarrien Plan Sektoriala onartu eta berritzea.


Ondorio larriagoak jasan nahi ez baditugu presazkoa da transizio energetikoari ekitea. Kontsumoa murriztu eta energiaren sorkuntzan erregai fosilak berriztagarriengatik ordezkatzea. Eta hori, enpresa handien interes ekonomikoen aurrean herritarren interes orokorra eta ingurumenarekiko begirunea lehentsiz egin beharko litzateke. Gaur eta hemen, erabakitzen ari da datozen 30 urteetan nork izango duen agintea energiaren arloan, eta azpeitiarrok, nola ez, burujabe izan nahi dugu.
Eta beraz, transizio energetikoa modu demokratikoan egitearen beharrezkotasuna kontutan izanda, Azpeitiko Udalbatzak ondorengoa adierazten du:


1- Azpeitiko Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio lehenbailehen Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala onar dezala. Urgentziaz, berritu dezala erabat zaharkitua dagoen lege araudia. Planifikatu, ordenatu eta kontrolatu ditzala enpresa energetikoek hainbat menditan garatu nahi dituzten proiektuak eta berma dezala energia berriztagarrien azpiegituren eraikuntza herritarron beharrak lehenetsiz egingo dela, eta ez energia enpresen inteseresen arabera.

2- Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu energiaren arloan dituen ardurak bere gain har ditzala. Baztertu dezala, behingoz, orain arteko apustu fosilista, gas ustiategiak kasu. Jar ditzala baliabideak energia trantsizioa herri ikuspegiz egin dadin bermatzeko. Energia berriztagarrien zabalkundean lidergoa hart dezala beharrezko diren egiturak sortu eta baliabide ekononikoak jarriz. Eta plan integral bat osatu dezala herritarren partehartzearekin; energia kontsumoaren murrizketa lortzeko, bioanzitasuna zaintzeko, basogintzaren kudeaketa jasangarri baterako, elikadura estrategia lantzeko, industriaren birmoldatzea abian jartzeko...

3- Trantsizio energetikoak iraunkorra, berriztagarria, justua eta inklusiboa izan behar du. Inor baztertu edo atzean utziko ez duena eta herrikideen arteko berdintasuna bermatzea izango duena bokazio gisa. Eta denontzako Azpeitia eraikitzeko bidean, horixe da hain justu Azpeitiko Udalak sustatu nahi duen bidea.

4- Egungo energia kontsumoa ahal bezainbeste murriztuta ere, izango ditugun energia beharrei erantzuteko, energia modu berriztagarrian eskuratzeko energia sorkuntzarako instalazio txiki, ertain, nahiz handiak beharko ditugu, ezinbestean. Berriztagarrien bidezko energia sorkuntzarako instalazio orok erregai fosilak ordezkatzeko bokazioa behar du, eta ingurumenarekiko aparteko sensibilitatez garatu beharko da.

5- Piaspe izenez ezagautarazi den egitasmoak badu elementu berritzaile bat energia sorkuntzako beste proiektuetatik nabarmen bereizten duena. Startkraft enpresak borondatea erakutsi du balizko instalazioaren jabetza herritarren, enpresen eta entitate publikoen esku uzteko. Oraindik egitasmoa aurrelanketa fasean badago ere, eta galdera asko erantzuteko daudela jakinda ere, Azpeitiko Udalak egitasmoa aztertzeko borondatea berretsi nahi du.

6- Buruzai izenez ezagutzera eman den egitasmoaren sustatzaile den Capital Energy enpresak ezezkoa eman dio eraiki nahi duen balizko energia sorkuntzarako intsalazioa herri entitateen eskuetara bideratzeko aukerari. Gauzak horrela, aipatu proiektua enpresa energetikoekiko daukagun menpekotasuna beste 30 urtez luzatzera dator. Eragin negatiboa herriarentzat geldituko den bitartean, inbertsio enpresek eramango dituzte etekin ekonomiko ikaragarriak. Ez da gure herriarentzat nahi dugun eredua eta ez da Azpeitiak behar duen eredua. Ez dio azpeitiarren beharrei erantzuten eta ondorioz Azpeitiko Udalak kontrako jarrera agertu nahi du.

7- Azpeitiko Udalak energia kontsumoa murrizteko nahiz energia modu berriztagarrian sortzeko abian jarri dituen hainbat ekimenei (kale argiteria LED instalzioak, plaka fotoboltaikoak eraikin publikoetan, Ekindar komunitate energetikoaren sustapena...) segida emateko konpromisoa adierazi nahi du. Beti ere, azpeitiarren interesak defendatuz, herri ikuspegi osoarekin lan eginez eta herriko eragileekin elkarlanean proiektu berritzaileak sustatuz.