Azpeitiko aniztasunak plaza hartuta emango zaie hasiera festei
2023/07/07
Uztailaren 16an, igandea, bigarren urtez jarraian, Aniztasun Eguna egingo da. Goizeko 11:00etan hasita eta 14:00ak bitartean, aniztasun festa izango da plazan, Azpeitiko Udalak antolatuta. Bertan, kultura anitzetako azpeitiarrek beraien herrialdeetako hizkuntza, musika, jatekoa, arropak eta abar ezagutaraziko dituzte.
Azpeitia herri anitza da. Sexu, arraza, hizkuntza, kultura eta jatorri desberdinetako pertsonak bizi dira bertan. Aurtengoan Bolivia, Paraguai, Peru, Nikaragua, Sahara, Venezuela, Mali, Senegal, Nigeria, Pakistan, Honduras, Salvador, Ruanda eta Euskal Herriko herritarrek hartuko dute parte festan.
11:00etatik 14:00etara bitartean, postu desberdinak egongo dira plazan. Postu bakoitza, herrialde horietako kulturen ezaugarri esanguratsuekin koloreztatuta egongo da, besteak beste, jatekoa, jantziak, artisautza... aurkitu ahal izango dira.
Postuak dauden tarte berdinean, plazan bertan, herrialde desberdinetako dantza eta abestien ikuskizunaz gozatzeko aukera ere izango da.
Kultura desberdinetako soinuz, usainez eta kolorez jantziko da Azpeitiko plaza, azpeitiarren aniztasuna plazaratuz eta kulturartekotasuna sustatuz. Festaren bitartez, elkarren kulturen berri izateko aukera izango da, herritarren arteko elkarbizitza susatzea eta elkar ezagutzeko plaza bat eskaintzeko helburuari eutsiz.
Herritarren artean sareak eraikitzeko, elkarren berri izateko eta zurrumurruekin amaitzeko espazioak eraikitzen eta politikak egiten jarraituko du udalak aurrerantzean ere. Jatorri desberdinetako pertsonek osatzen dutelako Azpeitia.
