Azpeitiko hezkuntza komunitateak bat egin du 'Gure haurrak ere badira' manifestuarekin
2024/05/23
Palestinari elkartasuna adierazi, eta genozidioa geratzeko eskatzea da manifestuaren helburua. Azpeitiko Udaleko Hezkuntza Zerbitzuak ere sinatzaileen artean daude.
Honako hau esaten du manifestuak:
Azpeitiko Hezkuntza Komunitateak bat egin du beste herri askotan ere sustatu duten “Gure haurrak ere badira” manifestuarekin.
Familien eta gurasoen erakunde zein ikastoletako komunitateak garen aldetik, min ematen digu Israel Palestinako herriaren aurka egiten ari den basakeriak, batez ere haurren aurka.
Zonaldean lanean ari diren hainbat elkarteen datuen arabera, 13.000 haur baino gehiago hil dituzte Gazan egindako aire-erasoetan, eta herritar guztiek etengabe eta berehala hiltzeko arriskuan jarraitzen dute.
Euro-Med Human Rights Monitorren arabera, joan den urritik 34.000 pertsona hil dituzte lurralde palestinar okupatuetan, eta zaurituak 70.000 baino gehiago dira dagoeneko.
Hegoafrikako talde juridikoaren arabera, zeinak genozidioagatik kereila aurkeztu baitzuen Nazio Batuen Erakundean Israelen: "Sarraski hau palestinarren suntsiketa besterik ez da. Nahita eragindakoa, ez zaio inori bizitza barkatzen, ezta jaioberriei ere."
Save the Childrenen datuen arabera, dagoeneko ez da eskola-bizitza Gazan eta ondorioz, haurrek ezin dute oinarrizko hezkuntza jasotzen. Zoritxarrez, egoera hau egunerokotasuna bilakatua da Gazan.
Gazako suntsiketaren neurriak, etxebizitza eta zibilen aurkako eraso orokortuek eta gerra haurren aurkakoa izateak argi erakusten dute asmo genozida planifikatua praktikan jartzen ari direla. Beren etxeetan hiltzen dituzte, aterpe bila dabiltzala, ospitaleetan, eskoletan, meskitetan eta familientzako janaria eta ura aurkitzen saiatzen diren bitartean. Ebakuatu beharreko lekuak uzten ez badituzte, hil egin dituzte, baita Israelek aitortutako balizko bide seguruetatik ihes egiten saiatu direnean ere. Eta orain, israeldar genozidek planifikatutako gosetea bizirik atera direnen bizitzak kobratzen ari da.
Nahitaezko ebakuazio bera genozida da berez, familia palestinarrentzat iraunkorra izango baita, ezinbestean, ez dutelako itzultzeko etxerik.
Haurren hilketa sistematikoaren aurrean, ezin dugu beste alde batera begiratu. Beren seme-alabekin ihesi doazela, Israelgo armadako frankotiratzaileek nola erasotzen dituzten ikusten dugunean, gure egiten dugu eraildako ama bakoitza, haien ondoan erortzen den haur bakoitza. Erortzen diren horiek gure haurrak direla aldarrikatzen dugu.
Horregatik guztiagatik, nazioarteko erakundeek egin duten bezala, guk ere honako hau eskatzen dugu:
Bermatzea haurrak ez daitezela gerra-helburu izan.
Justizia giza eskubideen urraketen aurrean. Haurren hilketa eta mutilazioa, eskolen zein ospitaleen aurkako erasoak, haurren aurkako urraketa larriak dira. Nazioarteko komunitateak bermatu behar du berehalako ikerketa independenteak egiten direla eta egileak justiziaren aurrera eramaten direla.
Berehalako su-eten iraunkorra Gazan, eta genozidioaren amaiera Palestinan, NBEko Giza Eskubideetarako Goi Komisarioak horrela definituta. Gainera, berehalako esku-hartzea eskatzen dugu, biztanleria zibilaren babesa ziurtatuko duena, laguntza humanitarioa sartzea ahalbidetuko duena eta okupatutako lurralde palestinar guztietan giza eskubideen errespetua bermatuko duena.