Azpeitiko Udal Liburutegiak egitarau berezia prestatu du 60. urteurrena ospatzeko
2024/03/18
60 urte bete dira Azpeitiko Udal Liburutegiak ateak zabaldu zituenetik. Hain zuzen ere, 1964ko apirilaren 5ean egin zuten inaugurazioa, eta hurrengo egunean hasi zen herritarrei zerbitzua ematen. Hasieran, Iturritxikin egon zen, eta 1989. urtetik Enparan Dorretxean du egoitza.
Urte hauetan asko aldatu dira liburutegiaren izaera eta edukiak, herria eta gizartea aldatu diren bezalaxe. Literaturaren eta teknologiaren bilakaerak eragin zuzena izan dute bai liburutegiaren garapenean, bai espazioaren erabileran. Izan ere, Azpeitiko Udal Liburutegia bizirik dagoen erakunde publiko bat da, herritarrekin eta herritarrentzat eraikitzen ari dena etengabe.
60. urteurrena ospatzeko, egitarau zabala prestatu du. Nabarmentzekoa da Azpeitiko Udal Liburutegia herriko eragileekin elkarlanean aritzen dela, haiei zerbitzua eskainiz; era berean, haien ekarpenekin aberasten da. Liburutegian errotuta dago elkarlana, eta etorkizunean ere elkarlan hori indartzen eta hazten joatearen aldeko apustua egingo dutela azpimarratu dute 60. urteurrenaren aurkezpenean (eragile batzuk falta dira argazkian).
Urteurreneko ekintzetan bezalaxe, liburutegian ere parte hartzera gonbidatuta daude herritar guztiak.
