Itzulpen automatikoa / Machine translation

Azpeitiko Udala, sexu erasoak saihesteko jardunbide egokien eredu

2024/06/28
Azpeitiko Udala, sexu erasoak saihesteko jardunbide egokien eredu

Emakundek eta Eudelek deituta, 53 udalerritako ordezkariak elkartu ziren, atzo, jai guneetan eraso sexisten prebentzioa bultzatzeko antolatutako bileran. Besteak beste, prebentzio ekintzei buruzko jardunbide egokiak partekatzeko baliatu zuten lan saioa. Azpeitiko Udala izan zen bere esperientzia kontatzeko aukeratutako hiru herrietako bat.


Miren Arrieta Parekidetasun zinegotziak eta Malen Aldalur Parekidetasun teknikariak hartu zuten parte. Arrietak azaldu zuen, jaietako sentsibilizazio kanpaina bereziez gain, urte osoko lanketa bat egitea dela garrantzitsua. “Gainera, problematika ez da zentralizatu behar emakumeengan soilik; horregatik, maskulinitate tailerrak, hezkidetza plan integralak, prestakuntza saioak eta abar ere ezinbestekotzat jotzen ditugu, genero indarkeria ez delako arazo isolatu bat”.

Protokoloak behar-beharrezkoak direla esan zuen Arrietak, eraso baten aurretik, unean eta ondoren zer egin behar den jakiten laguntzen dutelako. Hala ere, nabarmendu zuen protokoloekin batera ezinbestekoa dela baliabideak eskaintzea: giza baliabideak, urgentziazko zerbitzuak, psikologo zerbitzua edo abokatuak jartzeko aukera… Erasoren bat izaten denean, berriz, protokoloak protokolo, edozein erabaki hartu aurretik, erasoa jasan duena jarri behar dela erdigunean ere esan zuen zinegotziak.

Era berean, norbaitek eraso bat jasaten duenean, pertsona horrek babes bat sentitzearen garrantzia azpimarratu zuen. “Herri oso baten babesa sentitu behar du, eta erakundeena ere bai lehen unetik: medikuarengana laguntzeko, prozesu judizial batean sartzeko, gertatu zaiona epairik gabe entzuteko, erreparazioa izateko…”.