Itzulpen automatikoa / Machine translation

Azpeitiko Udalak eta Atzegik hitzarmena sinatu dute

2023/07/14
Azpeitiko Udalak eta Atzegik hitzarmena sinatu dute

Azpeitiko Udalak eta Atzegi Adimen desgaitasuna duten pertsonen aldeko elkarteak hitzarmena sinatu berri dute. Sinaduran izan ziren Nagore Alkorta alkatea, Mitxel Lakunza elkartearen zuzendaria eta Esther Olaizola, Atzegiko eskualdeko arduraduna.



Bi erakundeek sinatutako hitzarmenean Perez Arregi Plazako 1 zenbakian berritu eta egokitu den beheko solairuko lokalaren lagapena egiten zaio Atzegiri.


Orain artean, Perdillegin zuen lokala atzegik, baina, alde batetik, Perdillegi inguruko hirigintza antolaketa aurrera doa eta pixkanaka husten hasi da gune hori udala etorkizuneko adinekoen egoitza balioanitza egiteko. Eta, bestetik, Txolartek bere aisialdiko duen gunera iristeko aldapa eta egoitza beraren zahartzea gehitu behar zaizkio. Hala, egoitza berria Telefonika bezala ezaguna den eraikineko lehen solairuan izango da laster.


Hitzarmenaren sinaduran, Alkortak eskerrak eman nahi izan dizkie Atzegiko kideei: “Egunez egun, desgaitasuna duten ete beren familien alde lan isil izugarria egiten duzue eta eskerrak eman nahi dizkizuet horregatik. Azpeitia denontzat eta anitza dela esateaz gain zuena bezalako elkarteen bidez egiten dugu”. Atzegiren zerbitzuak herrian bertan izatearen garrantzia ere azpimarratu nahi izan du: “Desgaitasuna duten azpeitiarren eta beren familien bizi kalitatea hobetzeko Atzegi bezalako zerbitzuak herrian bertan izatea guretzat garrantzitsua da eta aurrera begira elkarlanean jarraitzeko konpromisoa dugu”.


Atzegik gogotsu eta esker onez jaso du lokal berria. Aurrerantzean hauxe izango da bilgune lagun eta familientzat eta bertatik jarraituko da lanean adimen desgaitasuna duten pertsonen errealitatea hobetzeko. Lokalaren inaugurazioa uztailaren 28an, ostirala, arratsaldeko 19:00etan egingo da. Atzegik gonbitea luzatu nahi die herritar guztiei, egun horretan elkarrekin ospatzeko irekiera.

Egoitzaren xehetasunak
Atzegiren egoitza berria eraikinaren beheko solairuan kokatuko da. Perez Arregi plazako eta Erdikale kalerako fronte osoa hartzen du eta 130 metro karratu inguru ditu. Perez Arregi plazako sarrera nagusian du egurrezko ate ederra, sarrera gisa. Sartu eta alde batean (hego-ekialdean), sukalde-jangela izango du eta gainontzeko espazioetatik banantzeko aukera eskaintzen du, horrela nahi duten kasuetan. Erdikaleko frontean, egongela dago; proiekzioetarako gunea eta egoteko gunea izatea aurreikusten da bertan. Egongelaren espazio hori ere gainontzeko espazioetatik banantzeko modua izango da. Egoitzaren erdialdean, ate inguruan, mahaigunea kokatu dute, erabiltzaileen joku eta elkarbizitzarako eta gurasoen bileretarako aproposa izango dena. Gune nagusi horietako espaziorik ahalik eta garbien eta jarraiena bilatu da, banaketa elementu finkorik gabe eta garaiera erabilgarri ahalik eta handiena mantenduz.