Azpeitiko Udalaren gaitzespena, herrian izandako genero-indarkeria kasuaren aurrean
2024/12/31
Azpeitiko Udalak berriki herrian gertatutako genero indarkeria kasua gogor gaitzetsi nahi du eta bere laguntza nahiz babes osoa adierazi nahi die erasoa jasan duen emakumeari eta bere ingurukoei. Udalak dituen informazio eta baliabide guztiak jarri ditu erasotako emakumearen esku, baita bere onera etortzeko prozesuan behar izan dezakeen laguntza guztia ere.
Emakumeen aurkako indarkeria egiturazko arazo bat da, emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituena. Beraz, indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Aitzitik, generoen gaineko aurreiritziak, gizartean aski errotuta dauden horiek dira, hain zuzen, halako ondorio larri eta tamalgarrien sortzaile. Genero indarkeria kasuak, hau da, bikote edo bikotekide ohiengandik jasandako erasoak, emakumeen aurkako indarkeria lazgarri eta ohikoenetakoak dira, eta erasoei aurre egiteko ezinbestekoa da gizon eta emakumeen arteko berdintasun balioak sustatzea.
Hori dela eta, Udalak ozen adierazi nahi du herri honek ez duela inolako indarkeria matxistarik onartzen, eta lanean jarraituko duela herriko esparru eta gune ezberdinetan indarkeria matxistaren zantzurik txikiena errotik desagerrarazi arte.
Eraso oro gaitzestea, indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei babesa ematea, prebentzio eta sentsibilizazio lanean jarraitzea eta baliabideak bideratzea dagokigu.
Erasoren baten aurrean, honako telefonoetara dei dezakezu:
• Gizarte Zerbitzuak: 943157192
• Udaltzaingoa: 092 edo 943151313
• Emakumeen Txokoa: 688751000
• Ertzaintza: 112
