Itzulpen automatikoa / Machine translation

Badator uda, eta udaleku irekiak ere bai

2025/05/16
Badator uda, eta udaleku irekiak ere bai

Gerturatzen ari da uda, eta horrekin batera, eskolak amaitzen dituztenerako planak prestatzen hasteko unea ere bada herriko haur eta nerabeentzat. Urtero bezala, nahi duten guztiek udal udaleku irekietan parte hartzeko aukera izango dute. Maiatzaren 27ra arteko epea dago izena emateko.


Udaleku irekiak 2 eta 17 urte bitarteko haur eta nerabeei eskaintzen zaizkie, zazpi programatan banatuta: Txipristinak (HH2), Udan Txiki (HH3), Udan Koxkor (HH4-HH5), Udan Jolas (LH1-LH2), Udan Mugi (LH3-LH4), Udan Alai (LH5-LH6) eta Udabentura (DBH eta batxilergoa).

Izen-ematea eta ordainketa

Ekainaren 23an hasiko dira udalekuak, eta uztailaren 24an amaituko dira. Adin bakoitzari dagokion programaren arabera, programa osorako, txandaka, asteka edo, Udabenturaren kasuan, ekintza solteetarako eman daiteke izena. 

Izena emateko galdetegia online bete daiteke. Aurrez aurre nahiago izanez gero, berriz, bi bide daude: Gazteriaren bulegoan (Goiko kale 12, Gaztelekuaren barruan), astelehenetik ostiralera, 09:30etik 19:00etara; edo Gazte Informazio Bulegoan (Plaza Txikia), astelehen, asteazken eta ostiraletan, 10:00etatik 13:00etara. Prezioak aldatu egiten dira programa batetik bestera (ikusi atxikita dagoen prezioen taula eta ordainketa egiteko kontuko zenbakia).

Ordainagiria izen-emate galdetegian atxiki edo gazteria@azpeitia.eus helbidera bidali behar da. Familia ugariei %30eko beherapena dagokie, eta ordainketa egiterakoan deskontua aplikatu behar da.

Hainbat erraztasun gurasoentzat

Gurasoen eskaerari erantzunez, udalekuak hasi aurretik, 08:30etik 10:00etara, zaintza zerbitzua eskatzeko aukera egongo da aurten ere, aparteko kostu batekin (20 euro astean). HH2ko haurrentzako zaintza zerbitzua Sanjuandegiko Txiki Txoko ludotekan eskaintzen da, eta gainerakoena San Martin egoitza ondoko lokalean (San Martin Estrata kaletik sartuta).

Horrez gain, auzoetan bizi direnen partaidetza errazteko, autobus zerbitzua eskainiko da Urrestillatik eta Nuarbetik.

Udaleku irekien helburuak

Helburu jakin batzuen bueltan ardazten du Gazteria Sailak udalekuetako programazioa. Honako hauek dira horietako batzuk: gozamen eta dibertsiorako esparru ludikoa eskaintzea; partaideen autonomia pertsonala ahalbidetuko duen esparrua eskaintzea; elkarbizitza eta lankidetza espazio bat eskaintzea, neska-mutilek era aske batean eta beren interesen arabera parte har dezaten; euskara sustatzea; familia eta lanaren arteko kontziliazioan laguntzea; herri bizitza sustatzea eta herriko elkarte eta eragileekin elkarlana bideratzea haurren partaidetza sustatzeko herrian.

Programazioa eta izena emateko lotura

HH2-LH4: izena emateko lotura (udalekuak hasi aurreko astean bidaliko zaie programazioa gurasoei Whatsappez)
LH5-LH6 (Udan Alai): programazioa eta izena emateko lotura
DBH-Batxilergoa (Udabentura): programazioa eta izena emateko lotura