Baserritarrek botatako txupinazoarekin batera lehertu da festa
2024/07/30
Giro paregabean hasi dira aurtengo saninazioak. Eguerdian, plaza bete jende elkartu da, eta baserritarrek bota dute txupinazoa. Astero azokara etortzen diren baserritarren ordezkaritza zabala izan da udaletxean, eta, guztien izenean, Enparan-Gain baserriko eta Sakona etxaldeko ordezkariek hitz egin dute balkoitik.
Mezu hauek eman nahi izan dituzte: “Azoka Plaza, baserritarren eta herritarren arteko elkargune”; “Azoka Plaza baserriko kulturaren erakusleiho”; “Azoka Plaza, baserritarren eta herritarren arteko zubi”; “Segi dezagun horrelaxe, elkar elikatzen”.
Jarraian, txupinazoa bota aurretik, Nagore Alkorta alkateak eskerrak eman dizkie azokara etortzen diren baserritarrei. “Hainbeste urtean astez aste landatu duzuen horren emaitza da herritarrek egin nahi izan dizueten aitortza txiki hau. Zorionak eta eskerrik asko”. Azokak ederrak izan arren, azokara etorri aurretik baserritarrek egin behar izaten duten “ikusten ez den lana” ekarri du gogora, eta “isilpeko lanetan ari diren guztiekin” akordatu nahi izan du, besteak beste, festak antolatzen ibili direnekin, zaintzaileekin eta San Inazio eguneko bazkaria prestatzeagatik txupinazora joan ez direnekin.
Plazan eta festetan deseroso sentitzen direnei, ez daudenei eta Palestinari ere egin die aipamena. Amaitzeko, udalak sustatu duen sentsibilizazio kanpainari egin dio aipamena: “Gogoratu: Danok eo iñorrez, danona da festie, danona da ardurie”.
Txupinazoa bota ostean, Azpeitiko Musika Bandak, Izarraitz txistulari taldeak, Arrasateko gaiteroek eta erraldoi eta buruhandiek kalejira egin dute.

Arratsadeko egitaraua eta datozen egunetakoa lotura honetan daude ikusgai: https://azpeitia.eus/berriak/item/9698-festetako-programa-hainbat-hizkuntzatan
