Machine translation

Berritasunekin dator III. Hanburgesa eta Garagardo Dastaketa

2024/05/07
Berritasunekin dator III. Hanburgesa eta Garagardo Dastaketa

Hirugarren urtez jarraian, Azpeitiko Azoka Plazak hartuko du festa. Ekimenaren baitan, III. Gipuzkoako Hanburgesa Artisau Lehiaketa ospatuko da, eta 80ko hamarkadako musika-festa izango da.


Aurreko urteetako arrakastaren ostean, larunbat honetan (maiatzak 11) III. Hanburgesa eta Garagardo Dastaketa ospatuko da Azpeitian. Udalak, Ederto-Harakel Gipuzkoako Harakinen Elkarteak eta Dendartean Gipuzkoako Merkatari Elkarteen Bilkurak antolatutako ekimena izango da, eta 18:00etatik aurrera ospatuko da Azoka Plazan. Ohi bezala, herritar askoren gustagarri diren bi produktu izango ditu oinarri festak: hanburgesa eta garagardoa.

Antolatutako egitarauaren barruan, III. Gipuzkoako Hanburgesa Artisau Lehiaketa egingo da. Azken izen-emateen faltan, Gipuzkoako 18-20 harategi izango dira larunbatean Azpeitiko plazan, eta beren hanburgesa-haragiak aurkeztuko dituzte lehiaketara. Epaile lanak honako hauek egingo dituzte: Zigor Iturrieta sukaldari eta aurkezleak, Mailu Odriozola Ederto-Harakel elkartearen ordezkariak, Mikel Uria sukaldari eta adituak, eta Julen Berrondo Mendizaliek tabernako sukaldariak. Hanburgesen itxura, testura, kolorea, zaporea, produktuen konbinazioa, bertakotasuna eta abar hartuko dituzte kontuan haragirik onenak aukeratzeko.

Lehiaketari lotuta, herritar orori zabalduriko hanburgesa eta garagardo dastaketa izango da. Hanburgesak lehiaketan parte hartuko duen haragiarekin egingo dira, baina hanburgesaren ohiko aurkezpena izango dute; ogi artean eta norberaren gusturako gehigarriekin (gazta, tipula potxatua, ketchupa, mahonesa).

Garagardoa artisaua

Janaren osagarri moduan, edariak ere eskainiko dira, garagardo bereziak tarteko. Izan ere, ohiko garagardo eta ardo aukerez gain, inguruko ekoizleek eginiko garagardoa dastatu ahal izango da. Euskal Herriko bost ekoizleren garagardoak eskainiko dira: Basabe, Mitika, Xorta, Boga eta Zampano.Gainera, aho gozagarriekin amaitzeko, izozkiak dastatzeko aukera ere izango da, Dona Doni-ren eskutik.

Hori gutxi ez, eta 20:30tatik 00:00etara 80ko hamarkadako musika-festa egingo da. Dani Barbuken DJak zuzeneko emanaldia egingo du, garai hartako musikaz girotuz jaia. Photocalla, argiak eta dekorazioa ere egongo dira, 80ko hamarkadara bidaiatzeko. Antolatzaileek larunbat arratsaldean Azoka Plazara joatera dei egin die herritar guztiei.


PREZIOAK
Hanburgesak 5€ balioko du, edari arruntek (garagardo kaña, kriantza ardoa edo zuria) 2€, garagardo artisauek 3€, urak euro bat eta izozkiek 3€.
Antolatzaileek adierazi dutenez, “festaren kudeaketa errazteko", ticketak erosi beharko dira eta gero horiek hanburgesa, izozki edo edariengatik trukatu.
.