Itzulpen automatikoa / Machine translation

Bertako produktuak izango dira protagonista ekainaren 17ko Txakolin Egunean

2023/06/08
Bertako produktuak izango dira protagonista ekainaren 17ko Txakolin Egunean

Ekainaren 17an, egingo da aurtengo Txakolin Eguna Azpeitian. 12:30etaik 14:30era bitartean, izango da zertaz gozatua Perez Arregi plazan.



Zortzi upategitako txakolina (Agerre, Aitaren, Akarregi Txiki, Amestoy, Flysch, Gañeta, Inazio Urruzola eta Murgialdai) herriko 2 gaztagile (Berastegi eta Premietxeberrikoak) eta bertako oilasko pintxoak izango dira jan-edanerako ekainaren 17an, larunbata eguerdian, Perez Arregi plazan. 12:30etatik 14:30ak bitartean egingo da Txakolin Eguna. "Pixkanaka indartzen ari den eguna da txakolinarena. Bertako produktuak ezagutarazi, dastatu eta gozatzeko aukera eskaintzen duen eguna da. Jan edanari laguntzeko gainera, aurtengoan trikitilariak izango ditugu. Beraz, herritar zein bisitariak animatzen ditugu egun eder bat pasatzera", azpimarratu du Mikel Odriozola Festa batzordeburuak.

Aurtengoa laugarren edizioa izango da Jatorri Deiturako Txakolinak antolatua. Azpeitiko egunaren garrantzia azpimarratu nahi izan du Ruth Mozok: "Azpeitia Gipuzkoako erdigunea da, eta hori garrantzitsua da hemen horrelako egun bat antolatzea pozgarria da guretzat. Orain gainera, Azpeitian ere badituzue mahastiak, Jatorri deitura gisa Gipuzkoan hainbat Txakolin Egun egiten ditugu, eta Azpeitikoa da", adierazi du.

Kopak eta 5 txartelek 5 euro prezioa izango dute; eta pintxoak 2€tan salduko dira. Gaixo eta Elbarrien Aisialdi Taldeko kideak lanean arituko dira, pintxoak banatzen. Gemma Perez eta Ines Lerones taldeko boluntarioak izan dira aurkezpenean: “Txakolin Eguna bezalako festa egunetan gure aletxoa jarriz, dirua biltzen dugu gaixo taldearen ekintzak egin ahal izateko. Guretzat diru iturri garrantztsuak izaten dira eta ahal dugun heinean jarraituko dugu”.
Berastegi eta Premietxeberriko gaztak ezagutzeko eta dastatzeko aukera ere izango da. Bertan izango da Maria Luisa Alberdi: “Udalak gonbidapena pasatzen digun egun guztietan hartzen dugu parte. Guretzat aurrez aurre herritarrak ezagutu eta gure gazta ezagutzera ematea aukera paregabea da eta ahal dugun guztietan etortzen gara”. Guztiek herritarrei zein bisitariei ekainaren 17an Azpeitira etortzeko gonbidapena luzatu nahi izan diete.