Bigarren LGTBI+ topaketa irekia, urriaren 24an
2024/10/18
Elkar ezagutzeko, elkarren berri izateko, saretzen joateko eta abar, Azpeitiko lehen LGTBI+ topaketa irekia egin zuten urriaren 3an. Hogei lagun inguru elkartu ziren, eta bigarren topaketak ere badu data dagoeneko: urriaren 24an (osteguna) izango da, Emakumeen Txokoan, 18:30ean.
Topaketa irekia izango da; hau da, nahi duen oro dago gonbidatuta, eta lehen saiora joan ez zirenak ere animatu nahi dituzte parte hartzera. Izena eman beharrik ere ez dago.
Azpeitiko Udalak ekainean aurkeztu zuen herriko LGTBI+ errealitateen erradiografia biltzen duen Oihu bat isiltasunean lana, eta diagnosian parte hartu zutenen artean errepikatu zen ideietako bat izan zen kolektiboko jendeak ez duela elkar ezagutzen, herrian ez dela egon harremantzeko, elkarrren beharrak ezagutzeko edo saretzeko topagunerik.
LGTBI+ topaketek behar horri erantzun nahi diote. Udalak Eihera kooperatibaren bidez osatu du LGTBI+ errealitateen diagnosia, eta kooperatiba horretako Kattalin Minerrek eta Iñi Etxezarretak dinamizatuko dute osteguneko saioa.
