Itzulpen automatikoa / Machine translation

Bihar hasiko dira haurrak zumitzezko labirintoa landatzen

2024/01/21
Bihar hasiko dira haurrak zumitzezko labirintoa landatzen

Helmuga bezain ederra izaten da askotan bidea, eta hala izan da igandean inauguratuko den zumitzezko labirintoaren kasuan ere. Loiola hiribideko belardian egongo da jolasgune berria, eta elkarlana, parte hartzea, irudimena eta beste hainbat osagai izan ditu ardatz hura eraiki arteko prozesuak. Igandean, urtarrilak 28, festa giroan ospatuko dute emaitza.


Azpeitiko Haurren Kontseiluak egindako eskaera batetik etorri da zumitzezko labirintoa. Herriko ikastetxeetako LH5 eta LH6 mailetako ikasleek osatzen dute organo hori, eta haurrei ahotsa eta protagonismoa, erabakitzeko ahalmena eta erantzukizuna ematen die. Herri hezitzailea izateko konpromisoa ere badu Azpeitiak. Izan ere, udalak uste du haurrentzat ona bada, ona izango dela herritar guztien ongizatearentzat. Horregatik, zumitzezko labirinto bizia egiteko proposamenari heltzea erabaki du, Garaion elkartea bidelagun hartuta.

Hainbat fase izan ditu prozesuak orain arte:

  • Lehenik eta behin, Karmelo Etxegarai, Ikasberri eta Iraurgiko zuzendaritza taldeei eman zitzaien proiektuaren berri; ondoren, bi orduko lansaioa egin zen hiru ikastetxeetako LH5 eta LH6 mailetako tutore eta koordinatzaileekin, eta Garaioneko kideek lan metodologia zein izango zen eta parte hartzea eta lanketa nola egingo ziren azaldu zieten.
  • Hurrengo urratsean, Haurren Kontseiluko hezitzaileak eta Garaioneko ordezkariak ikastetxeetan izan ziren, haurrei beraiei lan metodologiari eta proiektuari buruzko informazio guztia emateko.
  • Ondoren, hiru ikastetxeetako hamasei ikasgelek jolasgunearen diseinuaren zirriborro bana prestatu zuten.
  • Abenduan elkartu zen Haurren Kontseilua, eta Garaioneko kide eta hezitzaileen laguntzaz, zumitzezko jolasgunearen diseinu bat aukeratu zuen zirriborro guztien artetik. Gelaz gela joan ziren Haurren Kontseiluko kideak, jolasgune biziaren diseinuaren aurkezpena egiteko.

Igandean, herritarren txanda

Bihar hasiko dira zumitzezko labirintoa landatzen herriko haurrak. Kontuan hartu behar da hostorik ez duenean landatzen dela zumea, abendutik martxora bitartean. Igandean, berriz, herritarrak gonbidatuko dira laberinto bizira, eta festa giroan ospatuko da jolasgune berria egin izana.

Parte hartu nahi dutenek osteguna baino lehen eman behar dute izena. Ekoetxean elkartuko dira guztiak, 10:00etan, eta handik joango dira zumitzezko labirintora; amaiera ere Ekoetxean bertan izango da, 13:00 aldera. Hain zuzen ere, Ekoetxearekin elkarlanean antolatutako jarduera izango da igandekoa: beste urte batzuetan zuhaitzak landatzen ziren eta zumea landatuko da aurten.

Ikasleak arduratuko dira jolasgunea zaintzeaz, eta urtean behin udal brigadako langileek moztuko dituzte adarrak. Zumeak ura behar du, eta ureztatze sistema bat ere jarriko da. Zumitzezko jolasgune biziaren proiektuaren bidez, hainbat helburu lortu nahi dira, besteak beste, naturari eta naturak ematen dizkigun baliabideei garrantzia ematea, jolasa naturalizatzea, partaidetza sustatzea, hezkidetza sustatzea, kulturartekotasuna indartzea eta betiko ohiturak ideia berritzaile batean batzea.

.