Bilboko hilketa matxista salatu du Udalak
2025/05/30
Gizon batek bere 13 urteko alaba erail du Bilbon, eta hilketa matxista hori salatu nahi du Udalak. Hildakoaren senitarteko zein gertukoei bere elkartasuna adieraztearekin batera, erailketa salatzeko Azpeitiko Sare Feministak, larunbatean, 12:30ean, Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazan antolatu duen elkarretaratzearekin bat egin du Udalak.
Urtea hasi zenetik Euskal Herrian izan den laugarren erailketa matxista izan da, eta 2003an hilketa matxistak erregistratzen hasi zirenetik, 129 dira Euskal Herrian izandako hilketak.
Azpeitiko Udalak ozen adierazi nahi du, beste behin ere, ez duela onartuko giza eskubideen urraketarik; ez Azpeitian eta ez beste inon ere. Eta urraketen aurrean, modu aktiboan jokatzea eta salatzea guztion ardura ere badela azpimarratu nahi du.
Emakumeen aurkako indarkeria egiturazko arazo bat da, emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituena. Beraz, indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Aitzitik, generoen gaineko aurreiritziak, gizartean aski errotuta dauden horiek dira, hain zuzen, halako ondorio larri eta tamalgarrien sortzaile. Hilketa matxista emakumeen aurkako indarkeriaren muturreko espresioa da, eta erasoei aurre egiteko ezinbestekoa da gizon eta emakumeen arteko berdintasun balioak sustatzea.
Horregatik, Azpeitiko Udalak, gainerako erakunde publikoekin batera, lanean jarraituko du berdintasunaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larri honi irtenbidea bilatu beharra daukagulako denon artean. Eraso oro gaitzestea, indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei babesa ematea, prebentzio eta sentsibilizazio lanean jarraitzea eta baliabideak bideratzea dagokigu.
Erasoren baten aurrean, honako telefonoetara dei dezakezu:
- Gizarte Zerbitzuak: 943 15 71 92
- Udaltzaingoa: 092 edo 943 15 13 13
- Emakumeen Txokoa: 688 75 10 00
- Ertzaintza: 112
