Bustinzuriko Errebaleko hainbat kontutaz aritzeko bilera egin du Udalak merkatari eta bizilagunekin
2019/02/27
Duela zenbait egun, Bustinzuriko Errebaleko bizilagun eta merkatariekin bilera egin zuen Udalak. Bilera honetan, epe motzean kale horrek izango dituen hainbat aldaketa eta obra izan zituzten hizpide.
Hasteko, Aitor Bereziartua hirigintza zinegotziak Alberdieneako obren xehetasunak azaldu zizkien, eta horren inguruan eragingo dituen aldaketez ere aritu ziren. Horretaz gain, Azpeitiko Udalak kale horretan eraikitzeko duen etxebizitza blokeaz ere aritu ziren. Babestutako 4 etxebizitza egingo ditu, eraikin zaharra bota ostean. Bukatzeko, obra guzti horien ondoren Alde Zaharraren eraberritzearen baitan kale horretako eraldaketa egiteko aukera izango dela jakinarazi zien: "Gaur egun, Alberdieneako obrak egiten ari dira, ondoren etxebizitzak eraikitzea koordinatu beharko dugu, eta bukatzeko, kalearen eraberritzea etorriko da, eta horretaz ere pentsatzen hasi daitezen azaldu dizkiegu asmoak. Obra bakoitza bestearen atzetik egin behar da, koordinatuta, eta ongi pentsatuta, eta horren berri eman nahi izan diegu auzotarrei. Horretaz aparte beste hainbat eskakizun ere izan ditugu, eta horiek denon artean aipatzea ere nahi genuen", adierazi du Aitor Bereziartak.
