COVID-19ak kalte ekonomikoak eragin dizkien familiei alokairua zein mailegua ordaintzeko laguntza eskainiko du udalak
2020/04/14
Kontratupean edo autonomo gisa jardun, eta pandemiaren eraginez, apirilean eta maiatzean diru-sarrerak murriztu zaizkien langileei bideratutako dirulaguntza da. Nagore Alkorta alkatearen arabera, aurreko dirulaguntza lerroak osatzera dator, “pobrezia” egoeran egon gabe ere, hainbat familiak “zailtasunak” dituelako eguneroko gastuei aurre egiteko. Alkateak nabarmendu du udal baliabide guztiak ezohiko egoera honi erantzuteko bideratzen ari direla.
Koronabirusak sortutako ezohiko egoera dela-eta, osasun krisi hau, krisi sozial eta ekonomikoa ere bihurtu da. Testuinguru horretan, hainbat familiaren egoera ekonomikoa kaltetua izan da. Horregatik udalak 80.000 euroko dirulaguntza lerroa jarri du, gaixotasunaren alarma egoeraren ondorioz diru-sarrerak murriztu zaizkien familiei apirilean eta maiatzean alokairua zein mailegua ordaintzen laguntzeko.
Nagore Alkorta alkatearen arabera, dirulaguntza lerro hau aurrez argitaratutakoak osatzera dator. Deialdi honekin, pobrezia egoeran egon gabe ere, egoera ekonomiko “zailean” gelditu ziren herritarrak babestea da helburua. “Hainbat familiaren egoera ekonomikoa egun batetik bestera aldatu da, eta askok zailtasunak dituzte eguneroko gastuei aurre egiteko”, nabarmendu du.
Familia horiek hiru baldintza bete behar dituzte kalte ekonomikoak izan dituztela erakusteko:
- Diru-sarreren murrizketa: apirilean eta maiatzean familiako diru-sarrerak murriztu izana. Hori bermatzeko, kontratupeko langileen kasuan, langabezian edo ERTEan gelditu izana egiaztatu beharko da. Autonomoen kasuan, diru-sarreretan edo salmentetan %40 edo gehiagoko beherakada jasan duela egiaztatu beharko dute.
- Alokairua edo mailegua ordaintzera bideratutako batez bestekoa: eskatuko da ordaindu beharreko alokairua edo mailegua diru-sarreren baturaren %30 baino gehiago izatea.
- Diru-sarrera gordinak: Hilabete bakoitzeko diru-sarrera gordinak ezingo dute izan 1.500 euro baino gehiagokoak pertsona bakarraren kasuan; eta 2.500 euro baino gehiagokoak, pertsona bat baino gehiago bizi diren familia unitateetan. Gehiengo kopuru horiek kontuan izanda, diru-sarreren arabera ebatziko da alokairu edo maileguaren zer batez besteko lagunduko den, beti ere, gehienezko laguntza kopurua 250 euro izanda.
Eskabideak aurkezteko epea zabalik dago, ekainaren 15a arte. Eskaerak eta erantsitako dokumentazioa bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu ahal izango dira, Azpeitiko Udalaren egoitza elektronikoaren bitartez (www.azpeitia.eus), tramite atarian sartuz -dirulaguntzak- eta horretarako eskuragarri dagoen eskabidea betez.
Alkateak azaldu du ohiko alokairurako dirulaguntzak hartu direla oinarri bezala lerro hau osatzeko. Horrela, egokitzapenak egin dira koronabirusak sortutako egoerara moldatzeko eta herritarren errealitatera hurbiltzeko. Diru-partidari dagokionez ere, alokairuko laguntzetarako jasota zegoen partidako dirua erabiliko da: 180.000 euroko partida bat aurreikusi zen, eta 100.000 ohiko laguntzetarako erabiliko da; eta 80.000 euro, COVID-19 gaixotasunak eragindako egoera hau arintzeko.
Ohiko alokairuko dirulaguntza
Ohiko alokairurako dirulaguntza ere eska daiteke dagoeneko udaletxean. Orain artean bezala, honako herritarrei bideratuta dago dirulaguntza hau: 35 urtetik beherakoei, 70 urtetik gorakoei, banandutakoei, alargun gelditutakoei edota urritasunen bat dutenei. Alokairuaren errentak 550 euro baino gutxiagokoa izan beharko du, eta eskatzailearen diru-sarreren araberako batez bestekoa lagunduko da diruz. Aurreko deialdietan bezala, Alde Zaharrean etxebizitza alokairuan hartzen dutenek 50 euroko gehigarria izango dute. Deialdiaren oinarriak eta informazio xeheagoa, Azpeitiko Udalaren webgunean.
