Machine translation

COVID-19aren probek argitu dute San Martin egoitzan ez dagoela kutsaturik

2020/04/30
COVID-19aren probek argitu dute San Martin egoitzan ez dagoela kutsaturik

San Martin egoitzan ez dago COVID-19 gaixotasuna duen erabiltzailerik eta langilerik. Pasa den astean egin zizkieten probak bertan bizi diren 82 egoilarrei eta 92 langileri (langile bat falta da proba egiteko, Osakidetzaren akats bat tarteko). Egoilarrei egoitzan bertan egin zizkieten tesak, eta langileek Zumarragako ospitalera joan behar izan zuten.


Tentsio askoko asteak daramatzate San Martin egoitzan, Covid-19a dela eta. Martxoaren erdi aldetik prebentzio neurri zorrotzak dituzte ezarrita egunerokoan. Helburu bakarra dute; erabiltzaile zein langileen osasuna babestea. Covid-19az babestea.

Bide horretan, pasa den astean beste pauso garrantzitsu bat eman zuten. Covid-19aren inguruko bi proba egin zizkieten San Martingo bizilagunei eta langileei. PCR probetan, gaur egun gaixo dauden jakiteko probetan, guztiek negatibo eman zuten, eta oso datu positiboa eta garrantzitsua izan da erresidentzia osatzen dutenentzat. Horrez gain, ordea, test serologikoak, gaixotasuna pasatu duten jakiteko probak, ere egin dizkiete. Kasu horretan, erabiltzaile batek positibo eman du, eta beste guztiek negatibo. Positibo horren kasuan, alarma egoera ezarri aurretik pasatu zuen gaixotasuna azterketen arabera, inongo sintomarik gabe.

Nagore Alkorta alkate eta San Martin Fundazioko lehendakariaren arabera, egoitzako datuak oso “garrantzitsuak” dira, adineko pertsonek dutelako “arrisku gehien” Covid-19 biruasaren aurrean, eta haiek babesteak “erabateko lehentasuna” duelako. “Eskerrak eman nahi dizkiegu San Martin egoitzan lanean ari diren guztiei. Beraien lanak duen balioa agerian gelditu da” nabarmendu du. “Momentu hauetan garrantzitsua da behar gehien duten horien ondoan egotea eta babestea, eta horixe da San Martinen egiten ari direna”.

Emaitza horiek horrenbeste desira zuten “erradiografia” ekarri dute San Martin egoitzara. “Neurri guztiak hartuta eta zorrotz betez ari gara lanean, denon osasuna zaintzeko helburuz, baina etxe barruko errealitatea zein den jakitea beharrezkoa zitzaigun. Emaitzak jakiteak lasaitasuna ekarri digu, baina pozteko emaitzak ditugula jakinda, ardura handiagoz lanean jarraitzea da gure helburua. Bide horretan, langileak egunero erakusten duten inplikazioa eta konpromisoa ere eskertu nahi ditut”, adierazi du Manolo Aizbitarte egoitzako zuzendariak. Egoitzan bizi diren guztien familiei ere jakinarazi dizkiete emaitzak, eta bueltan jasotako esker on eta animo mezuekin oso eskertuta agertu da.