Itzulpen automatikoa / Machine translation

Dagoen aktibitatearen egoera hobetu eta hutsik dagoena erakargarri bihurtzeko helburuz eman dio hasierako Landetako Plan Bereziari Udalak

2023/05/09
Dagoen aktibitatearen egoera hobetu eta hutsik dagoena erakargarri bihurtzeko helburuz eman dio hasierako Landetako Plan Bereziari Udalak

Landeta eraberritu, ordenatu eta dagoenetik abiatuta hobetzeko helburuz Azpeitiko Udala egiten ari den Plan Berezia aurrera doa. Azpeitiko Udalak duela egun gutxi eman dio plan horri hasierako onarpena. Orain, ingurumen tramitazioa egin, argitaratu eta planari alegazioak egiteko epea irekiko da, besteak beste. Atzo aurkeztu zuten Landeta eraberritzeko irudi berria Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, Leire Goenaga zinegotziak eta Plan Bereziaren lanketa teknikoa egiten ari diren Aitzpea Lazkano eta Carlos Abadias arkitektuak eta Nekane Azarola abokatuak.


Landetako eremua aztertu eta egoera hobetzeko neurriak aspaldiko asmoa da. Bide horretan, hasierako onarpena eman zaion Plan Berezia egiten hasi aurretik, Landeta osoaren inguruko azterketa orokorra egin zuen udalak. Azterketa horrek jaso zuen etxebizitzen kokalekua eta egoera, merkataritza eta ostalaritza eta industriaren eta pabilioien egoera, besteak beste. Azterketa zabal horretatik abiatuta, Landetako industriaguneko zatirik konplexuaena zein zen identifikatu eta hor jarri dute abiapuntua. Zehazki, kiroldegi aurreko eta Amue pareko biribilguneak lotzen dituen GI-631 errepidetik, Ibai-eder ibaira arteko gunea, Arretxe kalea eta ingurua berrantolatu eta bertako aktibitate ezberdinen arteko elkarbizitza hobetu eta gunea erakargarriago bihurtzeko plana osatu dute.

Eremuak, guztira, 42.945 metro koadroko azalera du  eta etxebizitzak, taberna eta jatetxeak, aktibitate industriala, aktibitate komertziala, pabilioi hutsak eta abandonatuak eta kale estu eta ondo antolatu gabeak aurkitzen dira: “Gaur egungo egoera desordenatu horri epe labur eta ertainean irtenbidea emateko proposamena egiten du Plan Bereziak”, azaldu du Alkortak. 

Dagoenaren erradiografia egin dute. Zer dagoen aztertu: aktibitate komertziala, industriala, etxebizitzak… eta dagoena mantendu eta hutsik dagoena erakargarri uzteko neurriak jaso dira. “Dauden merkataritza gune, etxe edo industriaren egoera hobetu eta hutsik daudenak betetzeko erakargarri egiteko neurriak proposatzen ditugu. Azkenean, egindako azterketatik dagoen hori mantenduta etorkizunean eremu horren garapen ordenatu bat egiteko modua osatu dugu”, azpimarratu du Lazkanok.

Plan Bereziaren xehetasunak
Erabilera oso ezberdina duten aktibitateak elkarbizi direnez, bi azterketa mota egin dituzte planaren baitan: alde batetik, Azpeitiak duen uholde arriskuaren baitan, arriskua gutxitzeko hartu beharreko neurrien azterketa egin zen; eta, bestetik, Arretxe kalearen egoera aztertu zen.

Arazo nagusiei dagokionez, kaleen zabalera oso estua da eta trafikoa erraztu eta gune erakargarri bihurtzeko oztopoa da hori. Ibilgailuen aparkaleku gutxi dago eremuan, etxebizitzak intentsitate ezberdineko industriarekin elkarbizi dira eta urbanizazio eta pabilioi zaharkituak ditu. “Berez eremua polita da. Ibai-eder ibaia pasatzen da eta pasealeku polita da eta hori berreskuratuta asko hobetu liteke eremuaren egoera”, gaineratu du Lazkanok. Hala ere, nondik hasi zehaztea ez dela lan erraza izan aitortu du. Plan Bereziaren oinarria gaur egungo errealitatetik abiatzen dela azpimarratu nahi izan dute. Eta epe laburreko eta luzerako eskuhartzeak proposatzen dira planean.

Epe laburrean, zuzkidura publikoz bi eremutan eskuhartuko da. Alde batetik, Arretxe kaleko irteera hobetzeko eta aparkaleku berriak egiteko hutsik eta abandonatuta dagoen pabilioi bat expropiatu eta botatzea aurreikusten da. Horretaz gain, Urak agentziarekin elkarlanean inguruaren uholde arriskua txikitzeko ibaiaren zabalera handituko da eta ibai ondoan pasealekua egiteko hainbat eraikuntzaren retrankeazioa egingo da. Hala, ibai ondoan, oinezkoentzako pasealekua, aparkalekuak eta noranzko bateko ibilgailuen pasoa egingo dira.

Epe luzerako ekintzen baitan ekimen pribatuko beste bi eskuhartze jasotzen ditu planak. Eraikinen eraikigarritasuna mantenduz, eraikinak berritzean egin beharreko retrankeazioa jasotzeaz gain, Plan Orokorrean eremu erresideltzial gisa kalifikatuta dagoen, eta orain artean horrela garatzeko interesik izan ez den partzela bat, eremu industrial izatera pasatuko da. 

Industriaren garapenerako oinarria

Azpeitiko ekonomiaren motorea industria da; eta hala izaten jarraitzeko helburuz industria azpiegiturei loturiko bi proiektu handi ditugu eskuartean momentu honetan. Alde batetik, Larringo eremuaren garapena eta Landetarena. “Eremu industrialen garapena ezinbestekotzak jotzen dugu azpeitiarrei eta etorkizuneko belaunaldiei herrian bizi eta lan egiteko aukerak eta lanpostu duinak eskaintzeko. Eremu industrialez hitz egitean, beti Landeta ardatz hartuta aritzen gara; Landetako delako Azpeitiko industriaren oinarria”, gaineratu du Alkortak.

Landeta eraberritzeko helburuz, azken urteotan egoera hobetzeko hainbat proiektu garatu ditu udalak. Hala, han-hemenkako asfaltatze lanez gain, Azpeitia eta Urrestilla lotzen dituen bidegorriaren lotunea egin da Landetako kaskoa hobetzeko obrak ere egin dira, besteak beste.