Dagoeneko eman daiteke izena banderaren igoera edo jaitsiera udaletxeko balkoitik ikusteko zozketan
2024/01/08
Danborjolez eta ikuslez beteta, ederra egon ohi da Azpeitiko plaza sansebastianetako banderaren igoeran nahiz jaitsieran. Ikuspegi horretaz gozatzeko tokirik egokienetakoa da udaletxeko balkoia, eta, aurreko urteetan bezala, zozketa egingo du udalak une horietan udaletxean egon nahi duten herritarren artean. Zortzi laguni eta haiek aukeratutako beste pertsona banari (zortzi bikote) emango die horretarako aukera.
Bi zozketa egingo dira, eta herritarrek izena ematerakoan zehaztu beharko dute zein egunetan edo bietan ikusi nahi duten danborrada udaletxeko balkoitik. Urtarrilaren 17ra arte (10:00ak arte) dute horretarako aukera.
Zozketan parte hartzeko, udalzozketak@azpeitia.eus helbidera idatzi edo 943 15 70 68 telefonora deitu behar da, eta datu hauek eman: izen-abizenak, zein egunetako zozketan parte hartu nahi den eta kontakturako zenbaki bat.
