Datozen hilabeteetarako eskaintza oparoa prestatu du Emakumeen Txokoak
2026/01/22
Azpeitiko Emakumeen Txokoak hurrengo hilabeteetarako prestatu duen programa zabala aurkeztu du. Berrikuntza nagusi bat dago: orain arte, emakumeek bakarrik zuten jabetze eskoletan izena emateko aukera; oraingoan, emakumeei nahiz LGTBIQ+ pertsonei zuzendutako eskolak ere badaude.
“2024an egindako LGTBI+ diagnostikoan, lehentasunezkotzat hartutako neurrien artean, besteak beste, honako hau zegoen: Emakumeen Txokotik LGTBIQ+ pertsonak elkartu eta saretzeko programazioa antolatzea. Behar horri erantzuteko erabaki dugu LGTBIQ+ pertsonentzat ere antolatzea jabetze eskolak”, azaldu dute Miren Arrieta Parekidetasun zinegotziak eta Ione de la Cruz Emakumeen Txokoko teknikariak.
Diagnostikoan, memoria berreskuratzearen garrantzia ere aipatzen da, eta premiazkotzat ikusten da espazio publikoaren erabileran, aisialdian eta kirolean lanketa bat egitea ere. “Jabetze eskolen eskaintza diagnostikoko puntu horiei lotuta osatu dugu”. Hiru eskola antolatu dituzte. Isilarazitako historia ikertuz izenburua du batek. “Memoria berreskuratzeko premia du abiapuntu”. DJ tailerra izango da bestea. “Aisialdi inklusibo eta anitzak garatzeko helburuz antolatu dugu”. Azkenik, entrenamendu inklusiboak egongo dira. “Kirol espazioak normalean gorputz normatiboek hartzen dituzte, eta beste gorputz batzuei ere eman nahi diegu kirolerako aukera”.
Emakumeei soilik zuzendutako jabetze eskolen artean, berriz, honako hauek daude: zahartzaroari buruzko gogoeta feministak, kakorratz lanak, tratu oneko lotura afektiboen eraikuntza, emakumeen eboluzioa eta arkeologia uztartzen dituen ikastaroa eta tuppersex saioak.
Gizonentzako boteregabetze eskolak ere eskainiko dira, genero rol tradizionalak zalantzan jartzeko eta harreman parekideak sustatzeko helburuz
Bestetik, gizonentzako boteregabetze eskolak ere eskainiko dira, genero rol tradizionalak zalantzan jartzeko eta harreman parekideak sustatzeko helburuz. Espazio horiek gizonek eguneroko gatazkez eta botere harremanez hausnartu ahal izateko gune seguruak dira. Bi saiok osatuko dute programa.
Horrez gain, ikastaro iraunkorrak ere egongo dira Emakumeen Txokoan, hala nola Irakurri eta ahaldundu, literatura eta feminismoa uztartzen dituen irakurketa taldea, eta Empalabramiento, emakumeen ahalduntzera bideratutako hizkuntza ailerra.
Programak, halaber, parte hartzerako eta sentsibilizaziorako ekimen irekiak jasotzen ditu: erakusketak, dokumental emanaldiak, solasaldiak, liburu aurkezpenak, zinema saioak eta zuzeneko podcast bat ere bai.
Emakumeen Txokoan, zerbitzu ugari
Emakumeen Txokoak, gainera, zerbitzu eta baliabide feministak eskaintzen jarraitzen du: harrera eta informazioa, liburutegi feminista, erreminten mailegua, aholkularitza juridiko, psikologiko eta sexu-genero arlokoa, baita indarkeria matxista kasuetarako bidelaguntza ere. Zerbitzu guztiak doakoak, profesionalak eta konfidentzialak dira.
Izen ematea urtarrilaren 30era arte egon da zabalik. Ekintzen inguruko informazio osatua aste honetan banatuko da herriko etxe guztietara
Jabetze eskoletako izen ematea urtarrilaren 30era arte egon da zabalik. Ekintzen inguruko informazio osatua aste honetan banatuko da herriko etxe guztietara. Hala ere, informazio gehiago behar duenak edo izena eman nahi duenak Emakume Txokora (Goiko kale 12, behea ) jo dezake astelehenetik ostiralera. 943-15 70 55 eta 688 751 000 telefonora deitu edo emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera ere idatz dezakete.
Azpeitiko Emakumeen Txokoa hausnarketa, topaketa eta ahalduntzerako gune publikoa da, mugimendu feministaren borrokaren emaitza, eta herriko emakumeen eta LGTBIQ+ pertsonen parte hartze soziopolitikoa indartzea du xede.
