Machine translation

Datuek erakusten dute Azpeitiko Udala egoera ekonomiko onean dagoela

2024/03/06
Datuek erakusten dute Azpeitiko Udala egoera ekonomiko onean dagoela

Azpeitiko Udalak egin du dagoeneko iazko kontuen itxiera. Aurreikusitako gastuen gauzatze maila %79koa izan da; sarreren gauzatze maila, berriz, %80koa.


Urteko kontuen itxierak udalaren egoera ekonomikoaren inguruko datu eta adierazle asko erakusteko balio izaten du. Iazko kopuruak esku artean, Azpeitiko Udala egoera ekonomiko eta finantzario onean dagoela ondoriozta daiteke. “Horrek aurrera egiteko egonkortasuna eta indarra ematen dio udalari, eta esku artean daukan 2030 plan estrategikoan jasotako proiektuak gauzatzeko berme handia ere bai”, esan du Leire Goenaga Ogasun batzordeburuak.

Zehaztu du gaur egungo egoera azken urteotan egindako lanaren emaitza dela. “Baliabide publikoak eraginkortasunez eta arduraz kudeatu direla adierazten du”. Horrekin batera, Goenagak nabarmendu du aurrerantzean ere bide beretik jarraitzeko “konpromisoa eta betebeharra” dituela udalak, “ziurgabetasun handikoa” delako gaur egungo egoera ekonomikoa.

Iazko urtea 22,8 milioi euroko aurrekontuarekin hasi zuen udalak; behin betiko aurrekontua, azkenean, 32 milioi eurokoa izan zen. Hain zuzen, hauteskunde urtea izatea eta prezioak asko garestitzea izan ziren 2023aren ezaugarri nagusiak.

Gastuen gauzatze maila “altua”

Aurreikusitako gastuen %79 gauzatu zituen udalak. “Inbertsio gehienak urte amaierarako esleituta zeuden, eta aurreko urtean esleitutakoak, amaituta. Beraz, gauzatze altua izan da”, esan du Goenagak.
Hauek dira 2023an egin ziren inbertsioetako batzuk: Sistiagako errepidea, Sanjuandegiko skate parke zaharra zegoen eremua urbanizatzea, Arana Goikoako irisgarritasun lanak, haur parkeak konpontzea eta berriak egitea, Perretxikoko eraikina eraistea, Madalenako urbanizazio lanak…

2023an esleitu, eta aurten amaituko dituzte beste batzuk: Karmelo Etxegaraiko patioa, Musika Eskola, kalistenia parkea, Soreasuko eta Azoka Plazako teilatuetako plakak jartzea, aurten jasoko dira udal brigarako hainbat ibilgailu…

Sarrerak, pentsatu bezala

Sarreren aurreikuspenak ere ondo bete ziren. Zerga eta tasen aurreikuspenak bete egin ziren, eta foru funtsetik espero baino %1 gehiago jaso zen. Horrez gain, inbertsioei lotutako hainbat dirulaguntza jaso ziren, esate baterako, 539.000 euro Next laguntzetatik. Hala, sarreren eta gastuen arteko aldea, diruzaintza gerakina kontuan hartu gabe, 606.256 eurokoa izan zen.
“Gerakina, guztira, 17,6 milioi eurokoa da. Hemendik zati bat hainbat konpromisori lotua dago; beraz, gastu orokorretarako diruzaintza gerakina 12,5 milioi euro da momentu honetan”, azaldu du Goenagak.

Mailegu bakarra

Udaleko kontu-hartzailetza sailak egindako txostenean jasotzen denez, Azpeitiko Udalak betetzen ditu aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren helburuak eta gastu araua. %2,78ko zor bizia du udalak. Uneotan, mailegu bakarra du amortizatzeko, eta 2027an likidatuko du.