Itzulpen automatikoa / Machine translation

Dena prest elektrotxarangek kaleak alaitzeko

2023/05/03
Dena prest elektrotxarangek kaleak alaitzeko

Larunbatean hasiko da II. Elektrotxaranga lehiaketa; maiatzeko larunbatetan elektrotxarangek hartuko dute Azpeitiko Alde Zaharra. Larunbata honetan, 21:00etan hasita izango da Hamarru taldea.


Iaz lehen aldiz antolatu zuten Azpeitiko Udalak eta Azte Alde Zaharreko Tabernari Elkarteak Euskal Herriko lehen elektrotxaranga txapelketa. Arrakasta ikusirik, aurten ere maiatzeko larunbatetan elektrotxaranga doinuek hartuko dute Azpeitiko Alde Zaharra.


Iaz baino talde eta egun bat gehiago izango dira aurtengo edizioan. Larunbatean, maiatzaren 6an hasiko da txapelketa eta maiatzaren 27an bukatuko da. Lau larunbatetan 7 talde izango dira Azpeitiko kalean. Datorren larunbatean, Hamarru zumaiako taldeak emango dio hasiera.


Formatuari dagokionez iazkoa errepikatuko da. Egun bakoitzean bi elektrotxaranga izango dira ikusgai Alde Zaharrean: lehenak, plazatik Perez Arregi plazarainoko ibilbidea egingo du 19:00etan hasita; eta bigarrenak alderantzizko bidea egingo du, Perez Arregitik plazarainokoa, 20:30ean hasita.


Larunbatean, maiatzaren 6an, ordea, Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketa dela eta, talde bakarra izango da, 21:00etan hasita.

Iazko irabazleak eta azpeitiarrak ere bai
Txapelketan aipatu bezala, 7 taldek hartuko dute parte. Tartean izango dira, iazko garaileak, Elektrotxufla taldea maiatzaren 13an izango da Azpeitiko kaleak alaitzen, Elektrotxorongoren emanaldiaren ondoren. Maiatzaren 20an, berriz, Elektrokela taldearen ostean, Skapaie elektrotxaranga azpeitiarren txanda izango da. Txapelketako azken egunean, berriz, Distopia eta OstiKda izango dira; azken honek iaz ere hartu zuen parte. Guztira 5 talde berri izango dira aurtengo txapelketan.


Txapeldunak 6.000€ko saria eskuratuko du.

EGITARAUA


Maiatzaren 6a, larunbata
• Hamarru elektrotxaranga


Maiatzaren 13a, larunbata
• Elektrotxorongo eta Elektrotxufla (iazko irabazleak)

Maiatzaren 20a, larunbata
• Elektrokela eta Skapaie


Maiatzaren 27a, larunbata
• Distopia eta OstiKda.