Itzulpen automatikoa / Machine translation

Dena prest tokiko produktuak eta festa uztartzen dituen egunerako

2024/12/18
Dena prest tokiko produktuak eta festa uztartzen dituen egunerako

Ate joka da aurtengo San Tomas eguna ere, eta ohi bezala, abenduaren 21ean, goizean goizetik hasiko da festa Azpeitian. Baserritarren azoka eta ikastetxeek eta herriko taldeek jarriko dituzten txorizo eta talo postuak izango dira festaren protagonista nagusi; horiekin batera, kirolak, dantzak eta musikak ere tarte zabala izango dute.


Santomasak kartela 2024 1 3

Izarraitz txistulari taldearen dianarekin hasiko da San Tomas eguneko egitaraua, 10:00etan, eta ordu horretan ekingo diete Patxi Azkargorta pilota memorialeko finalei ere. 11:30ean, udal musika banda eta Arrasateko gaiteroak aterako dira kalejiran, Juan Antxieta musika eskolako soinujoleekin batera.

Baserritarren postuak ere goizean goizetik egongo dira Azoka Plazan. Eguerdian, Itsasiko ttuntturroen kalejira hasiko da, eta herri kirolak ere izango dira: Mikel Larrañaga eta Iker Vicente ariko dira aizkoran eta Olaia Esnaola, Goenatxo III., Urra eta Lierni Osa harri jasotzen. Plazan bertan, Loidisaletxe II., Naia Arrizabalaga, Maddi Aiestaran eta Xabat Illarregi ariko dira bertsotan kioskoan, 13:00etan hasita. Ordu horretan aterako dira erraldoi eta buruhandiak ere.

Arratsalde partean, dantza eta musika izango dira nagusi. 16:30etik 20:00ak arte Obaneuke taldeak joko du kioskoan, eta DJ Refereek hartuko du haien lekukoa 20:00etatik 23:00ak arte. Helduen XLIIII. dantza suelto txapelketa, berriz, 18:30ean hasiko da Soreasu Antzokian.

Berrikuntza gisa, Goiko Kale 2 zenbakiko lokala edoskitze gela gisa egokituko du udalak, eta lasai egoteko gune bat ere jarriko du han, 11:00etatik 20:00etara. 

Indarkeria matxistaren aurkako kanpaina

Jai eredu parekideen aldeko apustua egingo du udalak San Tomas egunean. Saninazioetan bezala, festa gozagarriak lortzeko ardura herritar guztiona dela gogoratuko du, Danok eo iñorrez. Danona da festie, danona da ardurie leloaren bidez. Era berean, kartelak eta pegatinak ere jarriko ditu hainbat puntutan, Txoixokeitan dabillenai, talue leloarekin. Tabernariak ere gonbidatu ditu kanpainarekin bat egitera.

Bezperan, bertso saioa

Santo Tomas bezperan, ohi bezala, Txapelen omenezko bertso saioa egingo da: Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi, Eneritz Artetxe, Nerea Elustondo, Maider Arregi eta Unai Izagirre ariko dira bertsotan eta Haritz Etxeberria Ministro gai-jartzaile.