Machine translation

Ekainaren 12ra arte eman daiteke izena zaintzaileen kontrataziorako lan poltsan

2020/06/10
Ekainaren 12ra arte eman daiteke izena zaintzaileen kontrataziorako lan poltsan

0-14 urte bitarteko haurren eta menpekotasunen bat duten pertsonen zaintzarako kontratazioak diru lagunduko ditu Udalak. Familiei kontziliaziorako baliabideak eskaintzeaz gain, zaintza lanak balioan jarriz eta herritarren kontratazioa bultzatuz ekonomia sustatzea ere bada helburua. Horrez gain zaintzaile eta zaintza lanerako norbait behar dutenen arteko harremana errazteko zaintzaileen lan poltsa osatuko du Udalak. Izen ematea irekita izango da ekainaren 12ra arte; hortik aurrera izena ematen dutenak zerrendan sartuko dira, baina bukaeran. 


Zaintzailea behar duten familien eta zaintzaile lana egiteko prest diren herritarren arteko harremana errazteko helburuarekin, Azpeitiko Udalak zaintzaile lanerako prest diren herritarren lan poltsa osatuko du.

Lan poltsan izena eman nahi duten herritarrek ekainaren 12ra arte (12:00ak arte) izango dute beren Curriculuma gib@azpeitia.eus helbidera bidali edo Gazte Informazio Bulegora eramateko (astelehenetik ostiralera 10:00etatik 12:00etara); ezinbestekoa izango da 16 urte baino gehiago izan eta euskaraz jakitea. Azpeitian erroldatutako pertsonak lehenetsiko dira. Data horretatik aurrera izena ematen duten pertsonak ere lan poltsan sartuko dira, baina bukaeran.

Ekainaren 15etik aurrera, familiek Gazte Informazio Bulegoarekin harremanetan jartzen hasteko aukera izango dute, zaintzaileen lan poltsaren bidez kontratazioak bideratzeko. Edozein zalantza argitzeko edo informazio gehiagorako Gazte Informazio Bulegora jo dezakete, gib@azpeitia.eus e-postara idatziz edo 943 15 71 60 telefono zenbakira deituz.