Energia Bulegoa, urtebete herritarrei kontsumo elektrikoa ulertzen eta aurrezten laguntzen
2025/05/06
Duela urtebete ireki zuen Azpeitiko Udalak Energia Bulegoa, argindarraren kontsumoari, fakturei eta energia eraginkortasunari buruzko zalantzak dituzten herritar guztiei doako aholkularitza pertsonalizatua emateko. Emandako orientazioari esker, gomendioak jarraitu dituzten herritarrek, batez beste, hilean 15€ aurrezteko aukera izan dute faktura elektrikoan.
Lehen urte honetan, berrehun herritar baino gehiago joan dira bulegora, faktura elektrikoei buruzko zalantzak argitzeko, argi-kontratuen xehetasunak ulertzeko eta etxeetan energia kontsumoa murrizteko aholkuak lortzeko. Horietatik, % 43k argiaren fakturari lotutako laguntza eskatu dute, eta % 6k gasaren eta argiaren fakturekin lotutako zalantzak izan dituzte. Gainerako herritarrak, % 51 gutxi gorabehera, energia berriztagarriekin lotutako dirulaguntza partikularrei, Ekindar kooperatibari eta birgaitze energetikoko programei buruzko informazioa jasotzeko joan dira.
Energia Bulegoak erakutsi du energia kontsumoari buruzko erabaki informatuak hartzeak eragin positiboa duela. Hain zuzen ere, funtsezkoa da energia kontsumoaren ohiturak ezagutzea, hobetzeko arloak identifikatzeko eta etxean elektrizitatearen eta gasaren erabilera optimizatzeko. Horrela, herritarrek beren energia kontratuak (argiarenak zein gasarenak) benetako beharretara egokitu ditzakete, kontsumo eraginkorragoa eta aurrezpen esanguratsua lortzeko.
Energia Bulegoa egunero egoten da irekita: astelehen, astearte, asteazken eta ostiraletan, 10:00etatik 14:30era, eta ostegunetan, 17:00etatik 19:30era. Komeni da joan aurretik txanda hartzea, 943 119 806 zenbakira deituta edo energia@azpeitia.eus helbidera idatzita.
Argindarraren kontsumoarekin, energia-tarifekin eta energia iraunkorragotarako trantsizioarekin lotutako gaietan orientazioa behar duten guztiak gonbidatu nahi ditu udalak Energia Bulegora, arreta pertsonalizatua jaso dezaten.
