Itzulpen automatikoa / Machine translation

Erosotasunik galdu gabe energia eta dirua aurrezteko saio praktikoa

2024/11/11
Erosotasunik galdu gabe energia eta dirua aurrezteko saio praktikoa

OTC Gipuzkoako Eraldaketa Energetikorako Bulegoak, Azpeitiko Udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren barruan, energia modu eraginkorrean erabiliz eta erosotasunik galdu gabe energia eta dirua aurrezteko gomendioak ezagutzera emateko tailerra antolatu du, euskaraz, azaroaren 20an (asteazkena), 18:00etan, Basazabal jauregian.


Denok erabiltzen dugu energia gure egunerokotasunean (argiterian, berokuntzan, sukaldean…); horregatik da guztiontzat interesgarria saio hau. Norberak bere etxean ezarri ditzakeen eraginkortasun neurrietarako beharrezko materialak erakutsiko dira eta energia aurrezteko balio duten ohitura aldaketak zein diren azalduko da. Parte hartzen dutenei Energia-aurrezkiari eta -eraginkortasunari buruzko aholku praktikoen gida banatuko zaie. Gida honetan, modu erraz eta ulergarrian azaltzen dira energia aurrezteko eta eraginkorragoak izateko baliagarriak diren hainbat aholku.

Tailerrean parte hartu nahi duten herritarrek azaroaren 15a baino lehen eman behar dute izena, saioak aurrera egiteko ezinbestekoa baita aldez aurretik ikasleen kopurua ezagutzea. Horretarako, honako bideak erabil daitezke:

 · Posta elektronikoa bidaltzea helbide honetara: energiabulegoa@gipuzkoa.eus

· Honako telefono zenbakira deitzea: 628-532-303 (astelehenetik ostiralera. Ordutegia 9:00-18:00)

· Informazio osagarria: www.argitu.eus

Argitu programa

Energia Argitu programaren helburua da Gipuzkoako sektore ezberdinei (etxebizitzak, merkataritza, enpresa txikiak, etab.) energiaren kontsumoaren murrizketa lortzeko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskura jartzea. Horretarako, OTC Gipuzkoako Eraldaketa Energetikorako Bulegoak, baliabide-multzo bat jartzen du lurraldeko eragileen eskura; hala nola, aurrez aurreko prestakuntza-saioak, on-line tutorialak, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko gidak, Energia Argitu programaren web gunea, eta abar. Honakoak dira 2024ko udazkenean zehar egingo diren prestakuntza- eta sentsibilizazio-ekintzak:

 · Nola egokituko etxeko kontsumo elektrikoa tarifa berrietara erotu gabe

· Jakin ezazu zein den berokuntza sistemarik egokiena zure etxebizitzarako

· Energia berriztagarriak zure etxean…posible da!

· Energia Argitu kit kanpaina: kanpaina honen helburua herritarrei etxeko energia-kontsumoa modu pertsonalizatuan autodiagnostikatu eta ulertu ahal izateko beharrezko tresnak ematea da, baita energia-eraginkortasuna hobetzeko eta, ondorioz, faktura elektrikoa murrizteko irtenbideak proposatzea ere.