Machine translation

Errotei buruzko ezagutzan sakontzeko eguna

2024/04/29
Errotei buruzko ezagutzan sakontzeko eguna

Azpeitian izango da Gipuzkoako III. Errotagintza Topaketa larunbatean. Horrez gain, maiatzaren 12ra bitartean, hainbat jarduera egingo dira errotak bertatik bertara ezagutzeko nahiz haien berri modu zabalagoan izateko.


Gipuzkoako hainbat herritan ospatu ohi den Erroten Egunaren barruan, Azpeitian izango da aurten Gipuzkoako III. Errotagintza Topaketa. Goiz osoko egitaraua prestatu dute larunbaterako (maiatzak 4). 10:00etan hasiko da, Basazabal Jauregian, Azpeitiko udal ordezkariek egindako ongietorriarekin. Egunaren nondik norakoak azaldu ostean, Luis Juaristi Urola Bizirik taldeko kideak Azpeitiko errotak hitzaldia eskainiko du. Mokadutxo bat egiteko tartea izango da jarraian, eta, topaketa amaitzeko, Toberagileko eta Igarako errotak bisitatuko dituzte. Larunbatean bertan zabalduko dute Errotak, makina harrigarriak izeneko erakusketa ere. Maiatzaren 12ra arte egongo da ikusgai Sanagustin kulturgunean.

Errotei buruzko ezagutzan sakontzeko, maiatzaren 8an (asteazkena), Azpeitiko errotak estraperlo garaian hitzaldia eskainiko du Joxin Azkue Gabilondok. Historiak lizentziatua da Azkue, eta Gizarte Zientzietan ikerlaria ere bai.

Azkenik, maiatzaren 12an, bisita gidatuak antolatuko dituzte Igarako errotara. Bi txanda izango dira: 10:00etan bat eta 11:30ean bestea. Doako jarduera izango den arren, parte hartu nahi dutenek https://ekoetxea.eus/azpeitia helbidean izena eman behar dute maiatzaren 10erako, lekuak mugatuta egongo direlako.