Machine translation

Eskaintza berri bat, nerabeen udako aisialdirako

2024/05/21
Eskaintza berri bat, nerabeen udako aisialdirako

Lehen aldiz, udaleku ibiltaria antolatu du udalak: Lantzetik (Nafarroa) Oiartzunera (Gipuzkoa) arteko ibilbidea osatuko dute partaideek, lau etapatan banatuta, uztailaren 8tik uztailaren 12ra bitartean. DBH3 eta Batxiler 2 artekoei bideratutako udalekua izango da, eta 75 euroko prezioa izango du.


DBH1etik Batxiler 2ra arteko herritarrentzat, Udabentura programa osatu ohi du udalak udarako. Programa horretan, bi gaueko egonaldiak eskaini izan ditu, eta hala egingo du aurten ere, DBH1 eta DBH2ko ikasleentzat. Murikura eta Lekeitiora joango dira, ekainaren 25etik ekainaren 27ra. Aurreko urteetako partaideek, ordea, egonaldi luzeago batean parte hartzeko gogoa adierazi izan dute, eta, lehen aldiz, udaleku ibiltari bat antolatzea erabaki du Gazteria Sailak.

Guztiz ibiltaria izango da udalekua, eta mendiz mendi, Lantzetik Oiartzunera joango dira. Honako hauek izango dira lau etapak: Lantz-Elizondo, Elizondo-Zugarramurdi, Zugarramurdi-Lesaka eta Lesaka Oiartzun. Aterpetxe, frontoi nahiz ikastetxeetan egingo dute lo partaideek, eta furgoneta bat joango da gazteekin batera, haien motxilak eramateko.

Bestelako hamaika jarduera

Urtero bezala, gaua kanpoan pasatzeko aukera ematen duten ekintza horiez gain, beste hainbat jarduera ere antolatuko dira, eta gustuko dituztenetan bakarrik izena emateko aukera izango dute gazteek: kalestenia ikastaroa, surf irteera, mendi bizikleta, zaldi irteera eta beste hainbat ekintzak osatzen dute aurtengo eskaintza.

Izena emateko epea maiatzaren 31n amaituko da. Ekintza gehienek hiru euroko prezioa izango dute, eta ibilaldiek 20 eurokoa. Mutriku eta Lekeitioko egonaldian parte hartzeko 45 euro ordaindu beharko dira, eta udaleku ibiltarian parte hartzeko 75 euro.

Informazio gehiago nahi dutenek 943157161 telefono zenbakira deitu behar dute edo gazteria@azpeitia.eus zenbakira idatzi.

EGITARAUA

Izen-ematea

Tarifak