Eskalada sustatzen jarraitzeko lokalaren zati berri bat abian da
2023/07/03
Eskaladako lokala eraldaketa prozesuan dago. Azken urteotan Urola kalean kokatutako eskalatzaileen txokoa handitzea eta berritzea adostu zuten Sokaitz eskalada elkarteak eta udalak, eta, dagoeneko, ikus daitezke lehen emaitzak.
Eskaladarako zaletasun handia dago Azpeitian, eta hori nabarmena da egoitzak duen sartu-ertena ikusita. Datuek ere horrela adierazten dute: Sokaitz eskalada elkarteak bere bazkide kopurua bikoiztu egin du bere sorreratik; hau da, 10 urtean. Horren ondorioz, eskaladako egoitza txiki gelditzen ari zela-eta, taldeak udalera jo zuen handitzeko aukerak aztertzeko asmoz, duela zenbait urte. Hala, eskaladako lokalaren ondoan beste lokal publiko huts bat zegoela ikusirik, udalak zati horren lagapena eta azpiegituraren oinarrizko prestaketa egin zituen, bi eragileek horrela adostuta.
Behin prestatuta, zati berriaren alde bat berritu du elkarteak eta aste honetan jarri du bazkideentzat erabiltzeko moduan. Aurrera begira, egokitzeko falta den zatia eskalada eremu izateko lehiaketa publikoa egin eta obrak martxan jarriko ditu udalak.
Aste honetan eskaladarako zati berria ikusten izan dira Aitziber Salegi Sokaitz eskalada elkarteko lehendakaria eta Ion Oteiza Kirol Batzordeburua. Oteizak eskerrak eman nahi izan dizkie herrian kirola sustatzeagatik: “Kirol eskaintza zabala izateko ezinbestekoa da zuena bezalako elkarteak izatea. Kirol desberdinak ezagutu eta kirola egiten gozatzeko aukerak sortzea ezinbestekoa da guretzat. Bide horretan, ppauso garrantzitsua da ikastaroak eskaintzeko hartutako konpromisoa”, zehaztu du.
Salegik bere aldetik eskerrak eman nahi izan dizkio udalari: “Eskerrak Udalari azken lau urtetan handitze prozesu honetan eman digun laguntza guztiagatik. Eta Azken urteotan zinegotzi izan den Egoitz Arruti ere eskertu nahi dugu”. Behin zati bat martxan jarrita, bigarren zatiaren obrekin borobiltzea nahi dute.
Eskaladako afizioa handitzeko helburuz ikastaroak eskaintzen ere hasi berri dira: “Elkarteko bazkideen haur eta gaztetxoentzako ikastaroa antolatu berri dugu, udalekutako LHko haurrak ere etorri dira eskaladaz gozatzera, Hedatzen proiektuaren bidez DBHko gaztetxoak ere eskalda ezagutzeko aukera izan dute eta udazkenean Emakume Txokoarekin batera ikastaroa antolatzekoak ere bagara”, zehaztu du. Hala, elkarteko bazkide egin nahi dutenek Luban egin dezaketela azaldu du. Langabetu, gazte eta Kirol Patronatuko bazkideek kuota erdia ordaintzen dute.
