Itzulpen automatikoa / Machine translation

Esklabak-Iturzulo eremuko etxebizitza babestuak entregatu dira

2023/02/15
Esklabak-Iturzulo eremuko etxebizitza babestuak entregatu dira

Udalak azpeitiarren etxebizitza beharra ezagutzeko azterketa egin ostean jarri zuen abian Esklabak-Iturzulo eremuko lehen fasea abian, 2019ko udan. Etxebizitza politikan eragiteko tipologia desberdinetako etxebizitzen eskaintza jarraitua egiteko konpromisoa du udalak.


Esklabak-Iturzuloko etxebizitza babestuen proiektua gauzatu da. Azken asteotan bigarren faseko babes ofizialeko eta etxebizitza tasatuen giltzak entregatzen aritu da udala eta azken etxebizitzenak datozen egunotan emango ditu.

2019ko udan abiatu zuen babestutako etxebizitzak eraikitzeko esleipen prozedura. Lehen fase horretan 62 etxebizitza eraiki ziren. Udalak lehen fase horretarako egindako izen ematean izandako eskaera kopurua aintzat hartuta, bigarren fasea ere abian jartzea erabaki zuen; fase horretako 67 etxebizitzak entregatzen ari dira azken asteotan.

“Azpeitiarren etxebizitza beharrei erantzuteko proiektu eta neurri desberdinak hartzen ari gara azken urteotan. Etxebizitza azterketaren ostean, Alde Zaharreko hainbat bloke eraberritzeko eta Esklabak-Iturzulo eremuan babestutako etxebizitzak egiteko erabakia hartu genuen”, zehaztu du Nagore Alkorta alkateak. Etxebizitza beharrari erantzuteko neurrien baitan, Etxebizitza Plana egin eta bulegoa abian jarri dela ere gogorarazi du: “Etxebizitza Planean Azpeitiko etxebizitza politiken baitan landu beharreko ildoak jaso ziren, eta lehen pauso gisa, herritarrei informazio egokitu, zuzen eta pertsonalizatua emateko helburuz bulegoa ireki genuen”.

Etxebizitzen “funtzio soziala" dutela gaineratu du eta herritarren bizi kalitatean “eragin zuzena” du eta 2015eko etxebizitzaren euskal legeak herritarrek etxebizitza bat izateko eskubide subjektiboa jasotzen duela ere azpimarratu du. Bide horretan, aurrera begira urtea bukaerarako Esklabetako eraikinean gazteen emantzipazioa errazteko helburuz egiten ari diren alokairurako 48 apartamendu izango dira. Jarraikortasunaren baitan, datozen urteotarako eskaintza berriak lantzen ari direla ere aurreratu du Alkortak.

Guztira, 129 etxebizitza babestu egin dira Esklabak Iturzulo eremuan eta 16 milioi euro inguruko inbertsioa izan da.