Eskola kirolak izango dituen aldaketen berri eman dute ikastetxeetako eta udaleko ordezkariek
2024/06/20
Karmelo Etxegarai, Ikasberri eta Iraurgi ikastetxeek elkarte bat sortu dute elkarrrekin, eskola kirola sustatzeko eta garatzeko. Webgune bat ere jarri dute martxan, eskola kirolari buruzko informazio guztia emateko.
Aurtengo ikasturtea amaitzear den honetan, hurrengoari begira ere jarrita daude ikastetxeak. Atzo, eskola kirolak zer berrikuntza izango dituen azaldu zuten Azpeitiko Udaleko, Karmelo Etxegarai ikastolako, Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatibako, Iraurgi ikastetxeko eta eskola kirola programako ordezkariek.
LH3 eta LH6 arteko ikasleek astegunetan bi saio egingo dituzte aurrerantzean ere (ordutegiak berberak izango dira ikastetxe guztietan), eta, horrekin batera, 20 jardunaldi izango dituzte larunbatetan. Orain arte ez bezala, sailkapen bat osatuko da larunbatetako jardunaldiekin. Sailkapen hori osatzeko, parte hartzea, jarrera eta emaitza hartuko dira kontuan. “Sailkapen honek ez du lehia handitzerik nahi; larunbatetako parte hartzea bultzatu nahi da”, esan zuten ordezkariek.
Orain arte partidak egin dituzten jardueretan, torneo triangular txikiak egingo dituzte aurrerantzean. “Antolamendua aberasteaz gain, Azkoitira egin beharreko joan-etorriak taldean denek batera egitea nahi da”. Kuotei dagokienez, 75 urteko kostua izango du ikasturteak. LH1 eta LH2ko ikasleek JolasHezi eskaintzarekin jarraituko dute.
Azpeitiko Eskola Kiroleko Plana lau ildo estrategiko hauen gainean dago antolatuta:
- Antolakuntza egonkor eta parte hartzaile bat sustatzea. Puntu honetan ere berrikuntzak izan dira, eta hiru ikastetxeen artean elkarte bat sortu dute. Elkarte horrek sustatu eta garatuko du eskola kirola. Udala ez da formalki elkarteko parte izango, baina parte hartuko du erabakiguneetan eta antolakuntza.
- Eskola kiroleko eskaintza ikusaraztea eta gizarteratzea. Eskola kirolaren inguruko informazio guztia biltzen duen webgunea sortu dute: www.azpeitikoeskolakirola.eus
- Eskola kiroleko sarbidea bermatzea. Arrazoi ekonomikoengatik inor ez dela kanpoan geratzen bermatzen da. Kuotak igo arren, Gizarte Zerbitzuen bidez, laguntzak jarriko dira nahi duten haur guztiek parte hartu ahal izateko. Babesleak aurkitzen ere saituko da elkartea.
- Eskola kiroleko eskaintzaren kalitatea hobetzea. Herriko kirol taldeekin harremanak sendotzeko ahalegina egingo du elkarte berriak. Aurrera begira, hezitzaileen kontratazioa ere mahai gainean dute.
Izena emateko epea irekita dago.
