Etorkinen seme-alabak eta euskara gaia lantzeko saioa izango da asteazkenean
2024/03/07
Ikasturte honetan, Euskara eta kulturarartekotasuna gure herrian izeneko proiektua dago martxan Azpeitian. Proiektu horren barruan, Etorkinen seme-alabak eta euskara. Elkarrekin pentsa dezagun saioa gidatuko dute Karmele Perez eta Amelia Barquin Mondragon Unibertsitateko irakasleek. Asteazkenean (martxoak 13) izango da, 18:30ean, Azoka Plazako aretoan.
Azpeitiko Udala, Uema eta Huhezi dira Euskara eta kulturartekotasuna gure herrian proiektuaren sustatzaileak, eta ikastetxeek eta herriko eragileek ere parte hartzen dute. Proiektuaren helburu nagusia da euskara oztopo izatetik zubi izaterako jauzia egitea. Finkatutako xedeen artean daude euskaraz bizitzea eta erabilera handitzea (aintzat hartuta gure udalerria euskararen arnasgunea dela), eta euskaraz ez dakitenen komunikazioa bermatzea, euskaraz ez dakitenen parte hartzea handitzea eskolan eta komunitatean giro abegikorra sortzea.
Landuko dituzten gaiak
Asteazkeneko saioan, proiektuaren oinarrizko irizpideak eta orain arte egindako bidean sortutako galderak eta zalantzak azalduko dituzte Perezek eta Barquinek. Besteak beste, honako gai hauek izango dituzte hizpide: Azpeitiko egoera zein den euskarari eta immigrazioari dagokionez; nola ulertzen dugun kulturartekotasuna; nolako estrategiak erabili bizilagun berriekin euskarara erakartzeko; nongoak diren bizilagun berrien seme-alabak; nola ulertzen dugun identitatearen eraikuntza; zer-nolako erronkak dauden gure herrian; eta zer egiteko prest gauden. Itzulpen zerbitzua egongo da gaztelaniara.
Asteazkeneko saioa herritar guztientzat izango da; hurrengo egunean, ostegunean, herriko lau ikastetxeetako irakasleei bideratutako beste saio bat egingo da: Etorkinen seme-alabak gure eskolan izango da saio horren izenburua.
