Euskal Antzerki Topaketetako kartela aukeratzeko lehiaketa abiatuko du udalak
2023/04/26
Udazkenean egingo da Euskal Antzerki Topaketen 41. edizioa eta prestaketa lanetan hasia da udala. Aurrelanen baitan, Euskal Antzerki Topaketen erakuslehio izango den kartela aukeratzeko lehiaketa abian izango da maiatzean. Zehazki, maiatzaren 2tik 30era izango da kartelak aurkezteko epea. Lanak Egile bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ditzake eta jatorrizkoak, argitaratu gabeak eta beste inongo lehiaketatan saritu gabeak izan beharko dute. Kartel hautatuaren egileak 900€ jasoko ditu.
Udazkenean egingo den Euskal Antzerki Topaketak antolatzen hasia da Azpeitiko Udala eta ikuskizunak iragartzeko erabiliko den kartela hautatzeko prozesua ere abiatu du. Hala, datorren asteartean, maiatzaren 2an irekiko da kartelak bidaltzeko epea. Azpeitiko Udalak azaroan egingo diren topaketak iragartzeko kartela aukeratuko du lehiaketa horren bitartez, eta irabazleak 900 euroko saria jasoko du. Maiatzaren 31ra arte izango da lanak aurkezteko epea; astelehenetik ostiralera, 07:30etik 14:30era bitartean, Udaleko Kultura Sailean aurkeztu beharko dira eta informazio gahiago edo argibideak behar dituenak, 943-15 70 69 telefono zenbakira dei dezake.
Egile bakoitzak gehienez bi kartel aurkez ditzake eta horiek jatorrizkoak, argitaratu gabeak eta beste lehiaketetan saritu gabeak izan beharko dute. Neurriei dagokienez, berriz, 450mm-ko zabalera eta 680mm-ko altuera izan beharko dute eta horiek, ezinbestean, luma kartoiaren gainean joan beharko dute, kristalik gabe. Paperezko euskarrian ez ezik, euskarri digitalean ere aurkeztu beharko da kartela; hau da, CD batean gorde behar da lana, JPG edo TIFF formatuko bi artxibotan, bata 72 dpi-tan, eta bestea, 300 dpi-tan —azken hori 5mm-ko koskarekin—. Alderdi teknikoari dagokionez, teknika eta kolorea egile bakoitzaren aukeran izango dira, baina honako hitz hauek agertu beharko dute kartelean: "Azpeitia 41. Euskal Antzerki Topaketak 2023ko udazkena".
Aurkezteko modua
Lanak sinadurarik gabe baina egilea identifikatzeko lema batekin aurkeztu behar dira (kartelaren atzealdean nahiz CDean). Horrez gain, kartelarekin batera gutunazal itxi bat aurkeztu behar da, eta gutunazalaren kanpoaldean kartelean idatzitako lema bera jarri behar da. Honako datuekin: izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia, e-posta helbidea eta jaiotze data. Aitorpen sinatua ere aurkeztu behar da, bertan, aurkezten den lana jatorrizkoa eta argitaratu gabea dela zehaztuta.
Epaimahaiak hautatuko du irabazlea
Kartel irabazlea soilik sarituko da, eta egileak 900 euroko saria jasoko du. Epaimahaia hiru adituk osatuko dute, eta honako irizpideak izango dituzte kontuan kartela baloratzerakoan: sormena, kalitate grafikoa nahiz plastikoa, deigarritasuna, eta erreproduzitzeko nahiz editatzeko erraztasuna. Edonola ere, epaileek saria eman gabe utzi ahal izango dute, aurkezten diren lanek behar adineko kalitaterik edo baliorik ez dutela iritziz gero.
Honako loturan irakur daitezke kartel lehiaketaren inguruko oinarriak xehetasun guztiekin (hemen gazteleraz).
