Euskal Antzerki Topaketen inguruko memoria ariketa eta eginiko lanaren eskertza eta aitortza egin da Topa ekitaldian
2022/11/12
Eskertza eta aitortza eguna izan da Euskal Antzerki Topaketen baitan egin den Topa ekitaldia. Iraganera begiratu, hasiera hartan zein ibilbide osoan egindako lana aitortu, eskertu eta gogoratzeko momentua. Bertan, besteak beste, Euskal Antzerki Topaketen hasieran zeuden lekutik emandako bultzadagatik eskertu nahi izan dituzte hainbat pertsona. Horien artean, Imanol Elias orduko alkatea eta urte askoan euskal antzerkiaren eta antzerkigintzaren alde lanean aritua eta Maria Jesus Aranburu orduko kultura batzordeburua. Hasiera hartan ez bazen ere, urte askoan egiten duen lanagatik Pili Arrieta Udaleko Kultura teknikariari ere egin nahi izan diote aipamen berezia: "Antzerki Topaketek izaera, egiteko eta izateko modu bat, eman digute. Eta horren isla, aurtengo topaketetarako prestatutako Herriye antzezlana bera da", azpimarratu du Eneritz Albizu Kultura Batzordeburuak.
12:00etan, Dinamoa Sormen gunean zen hitzordua. Ordurako, Azpeitiko zein inguruko antzerkizaleak elkar agurtzen eta orain gutxiko zein aspaldiko kontuak eta oroitzapenez bete da aretoa. Ekitaldi xumea bezain intimoa izan da. Ekitaldiaren hasieran azaldu bezala, egindako lana eskertu eta aitortzeko helburuaz gain, antzerkizaleak elkartu eta egindakoa gogoratzeko abagunea izan da. Topaketen hasieran ezinbesteko edo garrantzitsu izan ziren haien lana aitortu eta oroitzeko momentua ere izan da.
Eneritz Albizu kultura batzordeburuak esker hitzak izan ditu herrian euskarazko antzerkiaren inguruan lan egin duten guztientzat: "Antzerki Topaketek izaera eman diote Azpeitiari. Egiteko eta izateko modu bat. Herriye antzezlana izan daiteke horren isla. Eta antzerkiak talentua ekarri du Azpeitira. Asko dira oholtza gainean zein azpian antzerkigintzaren bueltan ibili izan diren eta ibiltzen diren azpeitiarrak". Aitor Bengoetxea Kulturazeko kideak ere topaketen baitan herritarrek egin izan dute eta egiten duten lana azpimarratu du: "Galdetu digute ea 40. edizioa ospatzen ote den ere. Pandemiaren ostean, ospatzeko edo gutxienik elkartzeko, atzera begiratu eta egindako lana errepasatu eta aurrera begiratzeko momentua izan daitekeela iruditu zaigu", zehaztu du. Topaketak euskal antzerkigintzaren erakusleiho egokia badira ere, azken urteotan urte osoko lanketa baten emaitza ere badirela ere azaldu du.
Eskertzarako momentua iritsita, Imanol Elias, 1983an, topaketak abian jarri zirenean alkate zena eta Azpeitiko antzerkigintzan erreferente izandakoa izan dute gogoan. Alkate izan aurretik Oargi eta Antxietan, Alkate zela udaletik, eta ostean ere Azpeitiko antzerkigintzaren alde egindako lan guztia eskertu nahi izan diote. Ixiar Oiarzabal Eliasen alargunak hartu du oroigarria, oso hunkituta eta "Imanol gaur oso gustura" izango dela dela du. Agintaldi hartan, Kultura Batzordeburu zen Maria Jesus Aranbururen lana ere eskertu nahi zian da. Aranburu gaur ezin izan da ekitaldian izan, baina Pello Elorzak hitz batzuk egin ditu bere ordez, eta garai hartako giroa eta egindako lana aipatu ditu: "Garai hartan haize berria zegoen, dena zegoen egiteko eta euskarak eta euskal kulturak pisu handia zuen udalean. Antzerkia euskara eta euskal kulturaren alde egiteko arlo ona izan daitekeela pentsatuta topaketak sortu ziren", azaldu du.
Lehen urteetan ez bada ere, azken 32 urteotan egin duen eta egiten duen lanagatik, Pili Arrieta Kultur teknikariarekin ere keinu bat izan dute. Hark sorpresaz hartu du, baina "udalean antzerkia maitatzen ikasi" duela azaldu du eta "lanean jarraitzeko prest" dagoela azaldu du.
Alaitz Olaizolak ere hartu du hitza. Olaizolak antzerkigintzako ertz guztietan egin izan du lan; aktore, zuzendari, gidoigile, zuzentzaile... eta antzerkiak zer eman dion azaldu du: "Nik topaketak eta euskal antzerkigintza gauza normal bat bezala bizi izan ditut, baina atzo hizketan, Azpeitian normaltzat jo izan duguna, hemendik kanpo horrela ez da izan. Ni antzerkigintzan nabil, baina herriko antzerkigintza gustatzen zaidala ohartu naiz, Antzerkian asko ikasi dut, izugarri. Hazteko eta ikasteko aukera, jende asko ezagutzeko aukera. Esperientzia ederra izan da, izaten ari da eta izango da":
Horma-irudia, Soreasun
Ekitaldiaren bukaeran, aurtengorako eginiko horma-irudi edo aktuazioak azaltzeko tartea ere hartu dute. Alde batetik, duela zenbait astetatik Perez Arregi Plazatik Soreasurako tunelean dauden 40 edizioetako kartelen aipamena egin da. Ondoren, gaurkorako bukatutako Soreasuko horma-irudia ikustera joan dira parte hartzaile guztiak. Bertan, Etxebizitza bloke batean, Azpeitiko antzerkizalez betetako leihoak irudikatu dira, iraganari zein oraingoari keinu eginez. Bertan ikus daitezke, Iñaki Bergara eta Pilar Aizpitarte, Joxe eta Nagore Aranburu, Erika Olaizola eta Gurutze Eizagirre edota antzerki tailerreko kideak. Bertaratutakoek hitz politak eta eskertzekoak izan dituzte. Udalak, halaber, horma-irudia egiteko baimena eman duten bizilagunak eskertu nahi izan ditu. Gaurtik, beraz, Soreasu auzoan, antzerkiak beste erreferentziazko gune esanguratsu bat ere badu.
Wikipedia orria, dena biltzeko
Aurtengo 40. edizioa aintzat edo aitzakia hartuta Wikipedia orria osatzea edo osatzen hastea ere izan dute helburu, izan ere, hasteraekin bat "itsaso bat ireki" zaiela aitortu dute. Wikipediarako artxiboak begiratu eta informazioa biltzeaz, Alaitz Olaizola arduratu da. Edurne Agirre Wiki Elkarteko kide azpeitiarra forma emateaz. Agirrek azaldu du Wikipedian, "denak duela kabida". "Wikipediako orria, anekdotekin, argazki zein bideoekin, eta gaur hemen kontatutako kontuekin betetzen eta osatzen joan gaitezke. Bakoitzak bere aldetik osatu dezake gainera", azaldu du. Besteak beste, antzerki topaketen historia biltzen duen orri nagusiaz gain, urtez urteko kartel, programazio eta esku-orriak, argazki galeriak edo Azpeitiko antzezle edo obren inguruko informazioa ere aurki daitekeela azaldu du.
