Euskal ekoizleen berri ematen duen atari berria aurkeztu da, Azoka Plazan
2019/01/21
Azpeitiko Azoka Plazaren filosofiarekin bat egiten duen Euskal Herri mailako proiektu bat aurkeztu da, azoka plazan. Euskaldendak, Euskadiko Merkatari, -ostalari eta Zerbitzu Enpresen Elkarteen konfederazioak merkatariei esukal produktuen bilaketa errazteko webgune berri bat prestatu du: euskalproduktuak.org ataria.
Euskaldendak elkarteak jarri du abian proiektua, eta helburu gisa Araba, Bizkai eta Gipuzkoako merkatariei euskal produktuak bilatzea erraztea da. Hala, merkataritza-enpresei bertako produktuen eskaintza zabaltzeko aukera eskainiko zaie. Atari horren bidez euskal merkatariek modu erraz eta autonomo batean hornitzaileen bilaketa Internet bidez egiteko aukera izango dute. Webgunean, 60 azpi-sektore eta 3.000 ekoizletik gora bila daitezke.
"Eraikin ederra da, baina hori baino garrantzitsuagoa da edukia. Hemen aldarrikatzen duguna da bertako produktuaren balioa. Eraikin honek esanahi handia dauka, bertako produktuen aldeko eta kontsumo arduratsuaren adierazle da, eta erakusten du dena ez dagoela galduta", adieraziz hasi du hitzartzea Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak. Eskerrak ere eman nahi izan dizkie merkatari txikiei egiten duten lanagatik: "Eskerrik asko egunero pertsiana igotzen duten dendariei. Ezin dugu irudikatu edozein herri merkatari txikirik gabe, guretzat horrelako herriak hilda leudeke. Gaurkoa bezalako proiektuekin erakusten dugu dendarik gabeko herririk ez dugula nahi etorkizunean, eta horregatik azpimarratu nahi dugu merkatari txikiek egiten duten lan kultural eta soziala".
Bittor Lizarribar Euskaldendakeko lehendakariak adierazi duenez, azken bi urtetan egindako lanaren emaitza da euskalproduktuak.org. " Merkatarien eta ekoizleen arteko lotura sortu nahi dugu, eta bezeroek lurralde ezberdinetan aurki daitezkeen eskaintzaren berri izatea, kasu askotan ez baikara horren jakitun izaten".
