Euskal talderik ezagunenetakoak izango dira Azpeitian saninazioetan
2024/04/12
Festa guztietako ezinbesteko osagaia izaten da musika; aurtengo saninazioetan, ordea, protagonismo berezia izango dute kontzertuek. Euskal taldeen aldeko apustua eginez, gaur egun jende gehien erakartzen duten musikarietako batzuk izango dira Azpeitian. “Azpeitiko plaza euskal musikaren plaza izango da”, esan du Mikel Odriozola Azpeitiko Udaleko Festa batzordeburuak.
Honako hauek dira Azpeitian izango diren taldeetako batzuk:
• Uztailak 27 (larunbata), Umeen Eguna: ETS
• Uztailak 30 (asteartea), Saninazio Bezpera. Tapia eta Leturia Band.
• Uztailak 31 (asteazkena), Saninazio Eguna. Izaro.
• Abuztuak 1 (osteguna), Saninazio Bigarrena. Zetak.
Kontzertu horiek guztiak herriko plazan izango dira, Tapia eta Leturia Band taldearena kenduta (hori Olazko Amaren plazan). “Toki gutxitan izaten da festetan halako taldeez gozatzeko aukera, eta plaza bete jende espero dugu egunero aurtengo saninazioetan”, zehaztu du Odriozolak.
Aipatutako horiez gain, beste kontzertu batzuk ere izango dira herriko beste gune batzuetan, baina horien eta saninazioetan izango diren gainerako ekitaldien berri aurrerago emango du udalak.
