Euskaraldia antolatzeko lehen bilera egingo da asteazkenean, 18:30etan hasita, Baigeran
2020/02/03
Datorren asteazken honetan, otsailak 5, aurtengo Euskaraldia antolatzeko Herri Batzarra osatzeko bilera egingo da Baigeran, arratsaldeko 18:30etatik 20:00ak bitartean. Bertan, orain arte egindakoaren nondik norakoak azalduko dira, baita azaroaren 20tik abenduaren 4ra gauzatuko den bigarren edizioari begirako asmoak ere.
Aurreneko edizioa erabat arrakastatsua izan zen; Euskal Herriko beste hainbat hiri eta herritan bezala, Azpeitiko herriak gogo biziz ekin zion ekimenari, bai antolaketa-prozesuan, bai azaroan burutu zen ariketan bertan ere: guztira 2.800 azpeitiarrek hartu zuten parte. Bada zerbait. Izan ere, euskararen aldeko herritarron elkarlan eta hauspoari esker jarraitzen da bidea egiten. Ekitaldiaren amaierako agurrean aipatu moduan, ordea, arnas luzekoa da bide hori, eta aurrerapausoak ematen eta inertziak aldatzen jarraitzea da helburua. Aurtengoan ere ahobizi eta belarriprestak izango dira ekimenaren funts, sare eta lokarri, baina 2020 honetan erronka berria da: euskaraldia herriko erakunde, kultur eta kirol elkarte, soziedade, denda eta lantegietako txoko guztietara hedatzea.
Zorionez, herri euskalduna da Azpeitia, baina horrek ez du esan nahi ez dagoenik hainbat ohitura eta ekintza aldatzeko tarterik. Erdaraz aritzeko joerek hor diraute. Eta astindu beharra ditugu. Ez alferrik, euskara natural eta sano erabiltzea dugu xede.
