Machine translation

Euskarari arnasa ematen jarraitzeko plan estrategikoa osatuko du udalak, parte hartze prozesu baten bidez

2022/09/15
Euskarari arnasa ematen jarraitzeko plan estrategikoa osatuko du udalak, parte hartze prozesu baten bidez

Datozen urteetan euskara sustatzeko helburuz, Euskararen Plan Estrategikoa osatuko du Azpeitiko Udalak. Herritarren pertzepzio, esperientzia, iritzi zein ekarpenetatik abiatuta osatu nahi da aurrera begirako bideorria, horregatik herritar norbanako zein eragileekin lanketa egiteko prozesua osatu da. Lan horretan, Emun izango da udalaren bidelagun. Atzo, hainbat herritarrekin batera egin zen egitasmoaren aurkezpena, Basazabalen. 


Azpeitia euskaraz bizi da. Eta horrela izaten jarrai dadin, aurrera begirako erronkan zehaztu nahi ditu udalak. Euskara zeharkako gaia da, ertz askokoa, eta horixe bera transmititu nahi izan zien Eneritz Albizu Euskara Batzordeburuak atzo aurkezpenean izan ziren norbanako eta eragileei. Aurrera begirako begirada eta lan lerro orokorrak zehaztu nahi dira plan estrategikoaren bidez, eta herritarrekin aztertu herriko indagune zein ahulguneak, kezkak, iritziak eta erronkak. Hala, elkarlanean aurrera begira egin beharrekoak zehaztu eta planaren garapena eta jarraipena egiteko Euskara Mahai bat sortzea nahi da, prozesuaren bukaeran. 

Azpeitia arnasgune bat den arren, ez da isolatutako irla bat: "Ez dago kanpo eraginetatik salbu. Horregatik, badakigu erronka potoloak ditugula aurrean. Sumatzen eta ikusten ditugu inguruan". Bizimoduan aldaketa handiak gertatu dira eta gertatzen ari dira "eta gertatuko dira" Albizuren iritziz; harreman ereduetan, teknologia berrietan, biztanle mugimenduan... "Aldaketa guzti horiek zuzenean eragiten diote hizkuntzari; eta globalizatutako mundu honetan, ezinbestekoa egingo zaigu euskararen aldeko hautua egitea".  

Azpeitiko etxe eta kaleetako hizkuntza nagusia euskara da. "Gure herria euskalduna da azpeitiarrek horrela erabaki dutelako, euskaraz bizitzea eukeratu dutelako. Belaunaldiz belaunaldi transmititu da, eta etxean jaso ez duten ehunka eta ehunka herritarrek ere ikasi dute". 

Udalak, Azpeitia 2030 Plan Estrategikoaren zehaztu bezala, euskara sustatzeko "behar bezalako" plangintza egiteko asmoa du: "Horretarako, eragileak eta herritarrak ezinbestekoak dira". Parte hartze prozesuari dagokionez, bi fase izango dira. Alde batetik, atzotik etxez etxe inkesta edo galdetegi bat banatu da, herritarrek bere ekarpena egiteko; online egiteko aukera ere eskaintzen da. Horretaz gain, urrian, talde dinamikak egingo dira. Mikeldi Zeberio Emuneko teknikariak azaldu zuen saioen dinamika. "Saioak irekiak dira eta interesa duen edonork hartu dezake parte", argitu zuen. Hala, saio bakoitza gai baten ikuspegitik landuko bada ere. "Eragile edo norbanakoren batek beretzat egokiena den saiora joateko aukerarik ez badu, besteren batera joatea aberasgarria ere izan daiteke", azaldu zuen. Saioak ordu eta erdikoak izango dira. Hasteko prozesuaren aurkezpena eta azken urteotan euskararen erabileraren inguruan bildutako datuak azalduko dituzte. Horren ostean, talde dinamika egingo da. "Talde dinamiketan, gehienbat, aurrera begirako erronketan erreparatuko du", zehaztu zuen. 

 

Bete galdetegia

Honako aukera hauek daude galdetegia aurkezteko:
• Internet bidez: eskuorrian duzun QR kodea erabilita edo https://labur.eus/azpeitiaeus helbidera sartuta.
• Etxez etxe banatutako eskuorria udal eraikinetan entregatuta: udaletxean, euskara patronatuan, liburutegian edo igerilekuan.
• Eskuorria herritarrentzat jarritako buzoietan utzita: anbulatorio aurrean edo epaitegi atzean.

Talde-dinamika saioak

Talde dinamikekin hasi aurretik, irailaren 20an,  Azpeitiko hizkuntzen erabileraren kale neurketaren emaitzen aurkezpena egingo da, Soziolinguistika klusterrak eskainia. Saio hau talde-dinamika guztiak bezala 18:30ean, Basazabalen izango da. 


Urriaren 4a. Hezkuntza eta familia.
Urriaren 5a. Aisialdia, kirola eta jaiak.
Urriaren 18a. Kultura eta sormena.
Urriaren 19a. Bizilagun berriak.
Urriaren 25a. Lan mundua, zerbitzu publikoak eta turismoa.
Urriaren 26a. Euskalgintza.