Machine translation

Festa giroa izan da nagusi saninazioetan

2023/08/03
Festa giroa izan da nagusi saninazioetan

Bukatu berri dira saninazio jaiak, eta festen balorazio positiboa egiten du Azpeitiko Udalak. Uztailaren 21etik atzo bitartean 100 ekintza inguru izan dira herrian, eta orohar, ondo joan dira guztiak. Mikel Odriozola festa batzordeburua “gustura” dago festek emandakoekin: “Orohar, dena ondo joan da. Giro ona izan da kalean, eta giro ona eta jendea ekintzetan”, zehaztu du. Bereziki kale giro ederra eta kontzertuetan jende ugari izan dela azpimarratu nahi izan du.


Festak ondo joateko, ordea, elkarlana eta lana egin behar dela gogoratu du: “Festaz gozatu ahal izateko antolatu egin behar izaten dira eta herriko eragileei eskerrak eman nahi dizkiet festen antolaketan izandako inplikazioagatik. Saninazioak guztion artean antolatzen ditugu, eta hori da festa hauen gakoetako bat”. Antolatzeaz gain, festa egunetan lan egiten duten guztien esfortzua ere eskertu du: “Eskerrak eman nahi dizkiet festetan lanean aritu diren brigadako langile, kale garbitzaile, eraikin garbitzaile, udaltzain eta udal teknikariei bereziki. Herritarrek festak gozatu ahal izateko ikusten ez den lan isila egiten dute”.

Aurten denentzako festak izateko neurriak hartzen jarraitu da, besteak beste, barraketan musikarik gabeko ordutegia eta ordu bereziak jarri dira eta kontzertuetako gune berezia jarri da mugikortasun arazoak dituztenentzat. “Aurrera begira, pauso gehiago ematen jarraitzea da gure helburua”.

Festak ondo joan badira ere, abuztuaren 31 arratsean istripuz hildako azpeitiar gaztearen heriotzak ilundu ditu festak, eta Azpeitiko Udalak bere senide eta gertukoei bere doluminak eman nahi dizkie.

 

Erasorik gabeko festen alde lanean

Azken urteotan bezala, urte osoan egiten den hezkidetzarako programa, Emakumeentzako Jabetze Eskola, aholkularitza juridikoa eta beste zenbait ekintzez gain, festa inguruan gerta daitezkeen erasoei aurre egin edo erantzun ahal izateko informazio, sentsibilizazio eta arreta kanpaina egin da. Hala, uztailaren 30, 31 eta abuztuaren 1ean, Plaza Txikian erasorik gabeko gunea jarri da eta jende ugari beratatura da gunera, informatzera eta indarkeria matxistaren aurkako zein emakumeek eta LGTBIQ+ pertsonek jaiez aske gozatzeko duten eskubidearen aldarria zabaltzeko pegatina eta esku-orriak hartzera. Jakin badakigu, espazio publikoa eta herriko jai-guneak oraindik ere ez direla espazio seguruak askorentzat, horregatik, herriko esparru eta gune ezberdinetan lanean jarraitu behar dugu indarkeria zantzurik txikiena desagerrarazi arte.

Udalarentzat ezinbestekoa eta estrategikoa da eraso matxisten inguruko prebentzio lana egitea eta indarkeria matxista ororen aurrean 0 tolerantzia jarrera erakustea, baita festetan ere, eta horretan sakontzen jarraituko du, jaiak herritar ororentzat espazio seguruak izan arte.