Itzulpen automatikoa / Machine translation

Festa giroko amaiera, Frontoi Txiki ondoko eremuaren parte hartze prozesuari

2024/12/13
Festa giroko amaiera, Frontoi Txiki ondoko eremuaren parte hartze prozesuari

Modu ludikoan aurkeztuko dute, asteazkenean, abenduak 18, Frontoi Txiki ondoko eremurako diseinatutako eraldaketa espaziala. Parte-hartze prozesu berritzaile baten bidez gauzatu da proposamena, eta parte hartu duten eragile, herritar talde eta herritar guztiak gonbidatuko dira aurkezpenera.


Bizipenen bidez erakutsi nahi da nolakoa izango den eremua etorkizunean. Horretarako, 17:30etatik 19:00etara, hainbat tailer antolatuko dira eremuan bertan, adin guztietako herritarrentzat: irakurketa txokoa, elkarrekin eserita egoteko leku lasaia, eremu horren argazki zaharrak eta berriak biltzen dituen panela, txokolatada… Lehen ordu erdia musikarik gabekoa eta lasaia izango da.

Udaberrian hasi zen udala parte-hartze prozesuaren lanketarekin. Foro bat osatu, eta espazioaren informazioa bildu zuen; ondoren, parte-hartze prozesuaren diseinuari ekin zitzaion, Hiritik At eta OinHerriren laguntzarekin.

Parte-hartze prozesua bera udazkenean gauzatu da. Lehenik eta behin, lehentasunezkotzat jotako herritar taldeen beharrak jasotzeko saioak egin ziren, eta baita jada espazio hori erabiltzen duten eragileekin elkarrizketak ere.

Lehen faseko ekarpenak aztertuta, proposamen espazial bat osatu zuen lan taldeak, eta berriro elkartuko ziren lehen faseko partaideekin, ekarpenak jasotzeko. Asteazkeneko deboluzio saioan, eraldaketa espaziala aurkezteaz gain, prozesua bera ere baloratu nahi da.