Festa kutsua izango duen maratoi erdia
2024/03/16
Gaur zortzi izango da Diego Garciaren oroimenezko 31. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia. Running festa leloa aukeratu dute antolatzaileek, eta 1.200 korrikalari inguru espero dituzte.
31. Azkoitia-Azpeitia nazioarteko maratoi erdiaren kartelean, bi korrilari ageri dira bihotz forma osatzen, “Diego Garciak zuen bihotz handi hura” irudikatzeko. Errepideko lerroetan berriz, txalapartaren irudi bat dago. Agustin Jimenez antolakuntzako kideak gogoratu duenez, upeletako sagardoa edateko puntu egokira iristen zenean, txalaparta jotzen zen inguruko jendeari jakinarazteko, eta txalaparta doinuak erabiliko dituzte lasterketa badatorrela iragartzeko. Han izango dira ttuntturroak ere, udaberriari ongi etorria eman eta espiritu txarrak uxatzeko. Datorren larunbateko lasterketa festa bat izatea nahi dute antolatzaileek; horregatik, lelotzat ere Running festa aukeratu dute.
Babesleetako bat da aurten ere Azpeitiko Udala. Atzo egindako aurkezpenean, Ion Oteiza Kiroletako batzordeburuak lasterketaren ezaugarri nagusietako bat aipatu zuen. “Oso kirol eta proba gutxitan izaten dute kirolari herrikoiek eliteko kirolariekin parte hartzeko aukera, eta Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiak horretarako aukera ematen du”.
Proba motzean, emakumeak gehiago
Maratoi erdia 16:30ean hasiko da. Alabaina, aurten ere antolatuko dute lasterketa motza, 8,1 kilometrokoa hain zuzen. 16:15an abiatuko dira proba horretako korrikalariak. Antolatzaileek emandako datuen arabera, lasterketa motzean dagoeneko gehiago izaten dira emakumeak gizonak baino. Alde horretatik, emakumeen parte hartzeak izandako gorakada oso pozgarria dela esan zuen Oteizak.
Maratoi erdia festa bat izateko helburuari lotuta, goizean bisita gidatuak egingo dituzte Azpeitian nahiz Azkoitian. Azpeitiko 12:00etan izango da, plazako kiosko aurretik hasita. Doakoa izango da, baina izena eman behar da aurrez.
