Itzulpen automatikoa / Machine translation

Frontoi Txiki ondoko eremuaren gaineko ekarpenak jasotzeko saioak, aste honetan

2024/10/28
Frontoi Txiki ondoko eremuaren gaineko ekarpenak jasotzeko saioak, aste honetan

Aurrera jarraitzen du Frontoi Txiki ondoko eremuko parte-hartze prozesuak. Aste honetan, lehentasunezko erabiltzaile gisa identifikatu diren taldeetako kideekin bilerak egingo dituzte eremuan bertan: haurrekin, nerabeekin, emakume atzerritarrekin eta zaintzaileekin, hain zuzen.


Parte-hartze prozesuaren berri emateko, zuhaitz baten irudia ere eskegi dute frontoiko hormetako batean. “Zer jarriko zenuke espazio honetan?” jartzen du izenburuko testuan, eta hosto huts batzuk daude marraztuta, herritarrek beren proposamenak idatzi ahal izateko.

Udaberrian hasi zuten eremuaren eraldaketari buruzko prozesua. Foro bat osatu, eta espazioaren informazioa bildu zen; ondoren, parte-hartze prozesuaren diseinuari ekin zitzaion. Hiritik At eta OinHerriren laguntza izan du udalak horretarako. Berritzailea da proiektua, parte-hartzearen bidez, bestelako ahots eta gorputz batzuen beharrak jaso nahi direlako eta parte hartzeko metodologia ezberdin bat sistematizatu nahi delako.

Hiru fase

Lehentasunezko herritar taldeen beharrak jasoko dira aste honetan, bakoitzaren erritmo eta ezaugarrietara egokitzen diren metodologien bidez. Jada espazio hori erabiltzen duten eragileekin (Ilunpe pilota elkartea, Zezen Beltz, Elkar-ekin, Bertan, Jauzika, Baigera, Marea Urdina, Osamen…) ere egin dira elkarrizketak, espazio hori zertarako eta zenbatetan erabiltzen duten jakiteko.

Behin aste honetako saioak amaitzen direnean, jasotako ekarpenak aztertuko ditu lan taldeak, eta proposamen espazial bat osatuko du. Ondoren, berriro elkartuko dira herritar taldeekin eta eragileekin, proposamen horren gaineko ekarpenak jasotzeko.

Abenduaren 18an, parte-hartze prozesuan parte hartu duten herritar talde zein eragile guztiekin batera prozesua nola joan den azaltzeko saio bat egingo dute, eta espazioaren eraldaketa proiektua aurkeztuko dute.