Frontoia eta saneamendu sarea konpontzeko obrak, bukatuta
2021/09/30
Azpeitiko Udalak hainbat hobekuntza egiteko obrak abiatu zituen Aratzerrekan uztailean. Dagoeneko bukatu dira eta hobekuntzak egin dira, frontoian, eliz atarian eta sameamendu sarean. Auzoan hobekuntzak egiteko 128.858,30€ko inbertsioa egin du udalak.
Lan horien baitan, alde batetik, auzoko saneamendu sarea orokorrarekin lotzeko hainbat obra egin dira; besteak beste, auzoko komun publikoak lotu dira. Horretaz gain, azpiegiturei dagokionez, argiteria, elektrizitatea eta telefonia kanalizazioak ere egin dira auzoan.
Beste aldetik, frontoiko estalkian zeuden itoginak eta hezetasunak konpondu dira. Horretarako teilak kendu eta horien azpian dagoen egitura iragazgaiztu da, estalkiaren gainazal osoan taula hidrofugoak eta iragazgaizte-xafla bat instalatuz. Era berean, egoera txarrean zeuden teilak eta oso hondatuta zeuden egiturako egurrezko habeak birjarri dira. Frontoiko frontiseko zuloak konpondu eta pintatu ere egin da.
Azkenik, elizako sarreran dagoen ataripeko estalkia iragazgaizi da, fatxadaren eta estalkiaren arteko zuloan mortero bat aplikatuz. Era berean, egoera txarrean zeuden teilak eta kanaleta berriz jarri dira.





