Gabonetako ekintzen barruan, puzzle kaxa izango da bihar
2025/01/03
Teknologia, hezkuntza eta entretenimendua uztartzen dituen esperientzia da puzzle kaxa, eta 3D puzzleen bilduma zabalarekin aritzeko aukera ematen du. Bihar arratsaldean, urtarrilak 4, adin guztietako herritarrek izango dute buruari eragin eta puzzleek eskaintzen dituzten aukera guztiez gozatzeko tartea. Doako jarduera izango da, eta 16:30etik 19:30era eskainiko da, Azoka Plazan.
Erregeen pajeak ere etorriko dira bihar Azpeitira. 17:30etik aurrera, udaletxe azpian egongo dira, haurren eskutitzak jasotzeko prest.
Kabalkadak, ohiko ibilbidea
Kabalkada, berriz, igandean izango da. Lehenik eta behin, Lasaora joango dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Hango umeak agurtu ondoren, txu-txu trena hartuko dute, eta 17:15 aldera iritsiko dira parrokiara. Haurrei lehen agurra egingo diete han, eta atseden labur bat hartuta, 19:00etan abiatuko dute kabalkada, igerilekutik.
Urteroko ibilbidea egingo dute, eta kalez kaleko ibilera horretan, herriko gaztetxoak izango dituzte lagun. 20:00ak aldera iritsiko dira plazara, eta udaletxeko balkoira igoko dira.
