Gautenak herrian eskainiko dituen zerbitzuen berri jaso dute herritarrek
2019/11/20
Atzo arratsean, Gautenak Loiolabiden epe motzean eskainiko dituen zerbitzuen inguruko bilera irekia egin zen udaletxean. Bilera horren helburu nagusia, bizilagunei zein herritarrei Gautena zer den eta Azpeitian zer eskaintza egingo duen azaltzea izan zen. Bileran Nagore Alkorta alkateak, Amaia Lopetegi Gautenako zuendariak eta Jimmy Brosa familia zerbitzuen arduradunak eman zituzten azalpenak.
Azpeitian, datorren urtean Gautenak autismoaren nahasmena duten pertsonentzako jarriko dituen zerbitzuen baitan, atzo, azaroak 19, bilera irekia egin zen bizilagunak zein herritarrak informatzeko. Bileran Nagore Alkorta alkateak orain arteko prozesuaren berri eman zuen, eta ondoren, Amaia Lopetegi zuzendariak eta Jimmy Brosa familia zerbitzuen arduradunak Gautena zer den eta Azpeitian zein zerbitzu eskainiko dituzten zehaztu zuten. Bukaeran, herritarrek hainbat galdera egin zituzten.
Duela zenbait urte Gautenak egiten duten lana aurkezteko bilera bat egin zuen Azpeitiko udal arduradunekin. Bilera horretan, beraien zerbitzuak deszentralizatu eta hiriburuan izateaz gain, Gipuzkoa barrualdean beren zerbitzuak eskaini eta azpiegiturak izateko gogoa zutela adierazi zioten udal arduradunei: "Gogo edo nahi horri heldu genion udalean, eta elkarlanean hasi zen gaurdainoko ibilbidea. Guretzat oso garrantzitsua da behar bereziak dituzten herritarren eta beren familien bizi kalitatea hobetzeko neurriak hartzea. Eta, batez ere, autismoa dutenei eta familientzako zerbitzu garrantzitsua eskaini genezakeela iruditu zitzaigun. Ez da erraza izaten mota honetako zerbitzuak gertu izatea, eta zerbitzua Azpeitian izanda, Azpeitiko zein eskualdeko autismoa duten pertsona zein familientzat erreferentzial izango den zerbitzua eskaini nahi genuen, bizi kalitatea eta egunerokoa errazten lagunduko zien zerbitzuak eskaintzeko apustua egin nahi genuen", adierazi zuen Alkortak.
Eskaini nahi zuten zerbitzuak kontuan izanda eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin zerbitzuen kokapena Azpeitian izango zela adostuta, herriko eremu desberdinetako lokalak ikusten aritu ziren, eta Loiolabideko lokal horiek beren nahiak betetzen zituztela eta horien lagapena egiteko prozesua hasi zen. Gizarte baliabideen sare publikoaren eskaintza egitea ez da Udalaren eskumen zuzena, eta beraz, Udalak lokalen lagapen hitzarmena Gipuzkoako Foru Aldundiari egin zion iazko uztaileko plenoan, eta hark Gautenaren bidez kudeatuko ditu zerbitzuak. 20 urterako lokalen lagapena egin dio Udalak Aldundiari.
Azpeitiko zerbitzuak
Loiolabiden hiru zerbitzu eskainiko dira, zehazki. Hasieran, eguneko zentroa eta alojamendua eskaintzeko asmoa zuen Gautenak, baina Udaletik baloraziorako eta estimulaziorako zentroa jartzeko eskaintza egin zitzaien, eskaintza borobilagoa egin asmoz. Beraz, Loiolabideko 65-67 portalen azpian, 500 metro koadroko eremuan, eguneko zentroa jarriko da. 81-13 portaletan, 500 metro koadro inguruko beste eremuan, alojamendurako eskaintza egokituko da, eta 75-77 portaletan 224 metro koadroko lokalean, baloraziorako eta estimulaziorako gurea egokituko da.
Obrak duela zenbait aste hasi ziren, eta datorren uda ingurura arte luzatzea aurreikusten dute Gautenakoek: "Udaberri uda iritsiko da lokalak egokitzerako, ondoren ekipatu egin beharko ditugu eta zerbitzuak abian jartzerako uda ostea izango dela aurreikusten dugu", zehaztu zuen Lopetegik. Obrak bukatuta, martxan izango da, eta zerbitzu horiekin 15-16 lanpostu sortzea aurreikusten dute: "Guretzat horrelako zerbitzu bat herrira ekartzea ona da bere horretan, baina lanpostuak ere sortzen ditu. Poztekoa da 15-16 lanpostu izango dituen zerbitzu bat gehiago izango dugula jakitea. Gainera, herritarrak kontratatzen saiatzeko konpromisoa hartu dute". Lopetegik azaldu zuen, Gautenako zerbitzuetarako ez dela lanpostu batetarako kontratatzen hasieratik jendea. Baina interesa duten pertsonak curriculuma bidali eta Gautenan lan egiteko lehen pausoa ematera animatu ditu: "Gautenan lanean hasten den jendeak lanpostu fijo bat izan aurretik prozesu bat hasi behar izaten du, Azpeitian zerbitzuak eskaintzen hastean langile gehiago behar ditugu. Beraz, interesa duenak bidal dezala curriculuma eta horrela prozesua abiatuko du".
